Greba-zikloari ekin dio hezkuntza publikoak, lan-hitzarmenak hobetzeko xedez

Aiurri 2025ko urt. 22a, 09:30

Egape Ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikina, gaur goizean.

Gaurko egunez ekin dio hezkuntza publikoak greba-zikloari: urtarrilean zein otsailean askotariko lanuzteak egingo dituzte hezkuntza komunitateko kideek, LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deituta. Argia da mezua, baita hartzailea ere. EAEko Hezkuntza Sailari galdegiten diote, lan-baldintzak hobetu eta eskola publikoa "erdigunean" jarri dezan: "Hamabost urte luzeren ondoren, bada garaia lan-hitzarmenak hemen eta orain negoziatu, atzerapausoak bertan behera utzi eta langileon lan-baldintzak hobetzeko".

Sindikatu bakoitzak bere eskakizunak babestu arren, badituzte aho batez aldarrikatzen dituzten zenbait oinarri, besteak beste: "Geroz eta handiagoak" diren lan-zamak arintzeko "neurri zehatzak" adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea zein enplegu publikoa egonkortzea eta enplegua bermatzea jaiotza-tasaren gorabeherak direla-eta "aldebakarrez" erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean. Bide batez, euskarari ere erreparatu diote, hizkuntza bera eremu akademikoan babestuko duten politiken garrantzia nabarmenduta. Horrez gain, lan-osasunak zer esana ekarri du, langileak "zainduko eta bermatuko" dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzeko premia baitago sektorean, baita "kalitatezko" berdintasun eta hezkidetza-plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzeko beharra ere. 

Horregatik guztiagatik, gaurtik hasita, zenbait egunez, kaleak hartuko ditu hezkuntza komunitateak:

  • Irakasleak: urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an.
  • Haurreskolak partzuergoko langileak: urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an.
  • Sukalde eta garbiketako langileak: urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!