[Postontzia]

Euskal Herriko torturatuen sarearen deialdia

Euskal Herriko torturatuen sarea 2025ko urt. 30a, 08:03

Beterri-Buruntzako herritarrak Hernanin elkartu ziren, aurreko batean.

Euskal Herriko Torturatuen sarea ehuntzen joan da, oso modu diskretu eta aktiboan, eta otsailaren 15ean Donostiako Kursaalen eginen du aurkezpen publikoa.

Orain dela urtebete, otsailaren 13aren testuinguruan, Euskal Herriko torturatuak saretzeko asmoz martxan jarri genuen talde-sustatzailea aurkeztu genuen publikoki. Azken hilabeteetan Euskal Herriko Torturatuen Sarearen sortze- prozesuaren barnean, aurkezpen-batzarrak egin ditugu hainbat eskualdetan. Bertan, Nafarroako Torturatuen Sareko esperientzia oinarri, talde-sustatzaileko lagunek esku artean dugun erronka aurkeztu, eta berari eusteko deia egin diegu bertaraturiko pertsona torturatu guztiei.

Batzarretan 700 lagun torturatutik gora hartu dute parte, guztion artean Euskal Herri mailako prozesuan ekarpena eginez. Are gehiago izan dira lagun saretuak, zeinetara era batean edo bestean heldu garen, iazko otsailaren 13an aurkeztu genuen erronkaren berri emateko. Azaleratu gabeko sufrimendu handia dago oraindik ere herri honetan, eta sakona da, torturak eragindako zauria. Horren isla da udazkeneko batzarren testuinguruan ehundaka lagun torturatuek sareari adierazitako atxikimendua eta pizturiko interesa.

Euskal Herriko Torturatuen sarea ehuntzen joan da, oso modu diskretu eta aktiboan, eta otsailaren 15ean Donostiako Kursaalen eginen du aurkezpen publikoa eta bere ibilbidearen hasiera. Berriro ere, tortura jasan duen pertsona oro bertaratzera gonbidatu nahi dugu, aitortzaren bidea torturatuok elkarrekin egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!