Inguruko mendien industrializazioaz ohartarazi dute

Xabier Lasa 2025ko ots. 5a, 13:07

Urumea bailaran proiektatu diren bi zentral eolikoei desadostasuna agertzeko “Urumeako Mendiak Bizirik” ekimena aurkeztu zuten hainbat herritarrek Hernanin, joan den asteko astelehen arratsaldean.

“Gure inguruko mendietan egin nahi dituzten makro-proiektu eolikoen auzia aztertu eta zentzugabekeria hau geldiaraztea” da ekimenaren helburua, aurkezpenean adierazi zutenez. Urumea bailarako goi mendietan azken aldian proiektatu diren bi zentral eolikoen gaineko informazioa eman zuten lehenengo eta behin, gaia kokatze aldera. Horrela, “2024ko uztailean, FE Energy enpresako ordezkariak agertu ziren Aranon eta proiektuak ukitzen dituen beste herrietan. Repsol multinazionalarekin lotura estua duen aholkularitza-enpresa honetako ordezkariek adierazi zuten, Arano, Goizueta, Hernani, Berastegi, Elduaien, eta Ereñotzu inguruetako mendietan makroproiektu bat egiteko daukaten asmoa. Herri horiek zuzenki kaltetuak izango dira, baina sarbide eta ihesbideekin beste hainbat herritan ere izango luke inpaktua. Horren haritik jakin genuen, beste enpresa bat ere, antzeko proiektu bat garatzen ari dela eremu beretsuan”.

Bi proiektuen gaineko datu gehiago eman zituzten, “Repsolek martxan jarri nahi duen makroproiektua, Arano, Ereñotzu, Hernani, Goizueta, Berastegi eta Elduaienen egongo litzateke kokatuta. Makroproiektu honek 100MWko zentral erraldoia proposatzen du, gutxienez 205 metro altuerako 14 aerosorgailutan banatuta. Endesak aldiz, Hernani eta Pagoaga (Ereñotzu) artean kokatu nahi du 33MWko proiektua”.

Bestelako eredu energetiko baten alde

Kritiko agertu ziren bi proiektu horiek bultzatzen dituzten enpresekin eta beren interesekin: “Enpresa horiek, trantsizio energetikoaren izenean, gisa honetako makro-proiektuak ezartzen jarraitu nahi dute Euskal Herri osoan. Herri inguruetan CO2a xurgatzeko hain beharrezkoak ditugun ingurune naturaletan, atzera-ezinezko txikizioak eragin eta lur-eremu publikoak erabiliz, multinazionalen kapital pribatua aberasten jarraitu nahi dute”.

Europatik datozen funtsek bultzatutako proiektuak direla gogorarazi zuten, eta politika energitikoa bestelakoa behar duela izan aldarrikatu zuten: “Horren energia kontsumo altua dugun gizarte eredu honetan,  lurraldea eta bertako aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen eta behar energetikoei erantzungo dien aldaketa ekonomikoa eta soziala da benetan behar duguna. Hori ekiditeko, aurrez antropizatutako eremuak berrerabili daitezkeela uste dugu energia berriztagarriak sortzeko gailuak jartzeko.

"Kontrol herritarra bermatuko duen eredu baten alde gaude"

Energia berriztagarrien arloa kudeatzeko garaian, bestelako eredua proposatu zuten: “Lurrari loturiko jendea garen heinean, lurraren gaineko erabakien eta energiaren gaineko kontrol herritarra bermatuko duen eredu baten alde gaude. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu, energia berriztagarrien gaineko proiektuak, herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea, eta herritarrek erabakitzeko aukera izatea haien diseinuan (dimentsioan, kokalekuan…) eta kudeaketan.

Mendien industrializazioarekin kritiko agertu dira

Urumean proiektatu dituzten bi zentral eolikoek “Urumeako bailarako mendien industrializazioa” dakartela eta kalte larriak eragingo dituztela “naturan eta giza ingurumenean”, adierazi zuten.

Iritzi irmo hori babesteko, honako gogoeta hauek zerrendatu zituzten:

  • Arano aerosorgailu erraldoiez inguratuta geldituko litzateke, herriaren biziraupena arriskuan jarriz.
  • Urumea bailarako mendialdea, Gipuzkoako Azpiegitura Berdea osatzeko lehentasunezko eremuetako bat eta Aiako Harria, Urumea eta Leitzarango naturguneak elkartzen dituen korridore ekologikoa da. Hori eteteak landare eta animalia espezie askoren biziraupena arriskuan jarriko luke.
  • Urumea arroa eta bere ertzak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatua daude. Eusko Jaurlaritzak berak izendatu zituen europar komisioaren bidez eta bailaran egiten diren eraldaketek, zuzenean eragiten diote horien osasunari.
  • Lur-mugimenduek balio-naturalistiko handia eta kalitatezko urak dituzten hainbat iturburu eta erreken kaltetzea.
  • Lur desjabetzeak eta basa-lurren birkalifikatzea ekarriko lituzke.
  • Herritarren bizi-kalitatean eta osasunean kalte nabarmenak eragingo lituzkete (kutsadura akustikoa, infrasoinuak, argi-efektuak, e.a.).
  • Abeltzaintza, nekazaritza eta aisialdiko jardunekin bateraezina da.
  • Aerosorgailuetara heltzeko bideak zabaltzeak eta egokitzeak, bolumen handiko lur-mugimenduak dakartza, lurraren artifizializazioa eta pobretzea eraginez.
  • Ondare historiko, arkeologiko eta kulturalean eragin nabaria izango du. Arano, Hernani eta Goizuetako mendietan Onddi-Mandoegi estazio megalitikoa kontserbatzen da, Euskal Aautonomia Erkidegoan babestua dagoena eta proiektu horiekin zuzenean kaltetua izan daitekeena.

Datozen mobilizioetan parte hartzeko gonbita

“Urumeako Mendiak Bizirik” herri ekimena irekia dela esateaz batera, deia luzatu zieten bere helburuekin bat egiten duten elkarte, herritar zein edozein ekintzaileri “makro-proiektu eoliko hauek geldiarazteko eta gure mendiak defendatzeko antolatuko diren ekintza eta mobilizazioetan parte har dezaten”.

Aldi berean, erantsi zuten Euskal Herri osoan abian diren hainbat proiekturen aurrean sortutako beste talde eragileekin bat egiten dutela, “gure auzian behar dugun babesa eta laguntza eskuratuz, eta aldi berean beste lekuetako borrokekin bat eginez”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!