Euskal Herriko Torturatuen sarearen aurkezpen-ekitaldia

Euskal Herriko torturatuen sarea 2025ko ots. 9a, 07:00

Urte beteko prozesua amaitzear dugun honetan, zuekin hainbat hausnarketa eta ohar partekatzea gustatuko litzaiguke.

Lehenik, Euskal Herriko Torturatuen sarearen sortze prozesua balioan jarri nahiko genuke berriro ere. Orain dela urtebete, erronka horri ekingo zion talde sustatzailea aurkeztu genuen, eta Euskal Herriko torturatuak saretzearen ardura gure gain hartu. Ordutik honakoa behetik gorako eratze prozesu iraunkorra izan da. Ehunka lagun torturaturekin egon gara azken hilabeteetan, modu diskretuan haiekin harremana eginez eta soilik torturatuentzako zuzenduak zeuden hamarnaka aurkezpen batzar eginez Euskal Herriko eskualde ezberdinetan. Ariketa sakon bezain osasungarria izan da, kontziente garelako tortura pairatu dugunok barruan dugun minaz, baina baita min hori askatu eta horrekin zerbait egiteko dugun beharraz ere.

Eta sinetsita gaude hori lortu dugula torturatuak izan garen pertsonon artean sortzen den elkar-ulertze eta konexio berezia izan delako ariketa guztiaren oinarria. Elkar zainduz eta entzunez, elkar ulertuz eta babestuz. Euskal Herriko Torturatuen sareko kide izatea hori ere baita, elkar ulerkerarako eta zaintzarako espazioa beste lagun torturatu batzuekin partekatzea.

Milaka izan gara torturaren amesgaiztoa pairatu izan dugun euskal herritarrak.

Herri honetan oraindik ere argia ikusi gabeko sufrimendu handia dugu, milaka eta milaka izan gara torturaren amesgaiztoa pairatu izan dugun euskal herritarrak. Egin ziguten horrek gure bihotzeko txoko ilun eta ezkutuenean gordeta jarraitzen du. Eta lagun torturatu horiei guztiei dei bat luzatu nahiko genieke: izan Euskal Herriko Torturatuen sarearen parte, aitortzaren bidea elkarrekin urratuko dugula sinetsita baikaude. Badakigu zer sufritu zenuen eta bakarrik ez zaudela transmititu nahi dizugu.

Bigarrenik, jasandako torturen kontzientzia hartzeko momentua heldu dela uste dugu. Elkarrizketa ezberdinetan atera zaigun elementua izan baita torturak jasan izanaren ukapena: “ni ez ninduten horrenbeste torturatu”, “niri elektrodoak edo poltsa ez” edota “nik ez dut torturarik pairatu”. Gure ustez, Euskal Herrian azken sei hamarkadatan jasan dugun tortura horren bortitza izan da, horren langa altua jarria dago, tortura jasan duten kide askok uste dutela, haiei emandako kolpeak, hamar egunez kalabozoko argia piztua edukitzeak, biluzik jartzeak edota begiak estalirik egindako galdeketak ez direla tortura. Eta haiengana zuzendu nahi dugu ere bai: bai, horiek guztiak ere tortura dira. Zuk jasan zenuena ere tortura izan zen, eta Euskal Herriko Torturatuen sarean baduzu lekua.

Jasaten ari zinen hori gelditzen saiatzeko eraiki behar izan zenituen defentsa mekanismoak ez dira zure ardura. Kendu zama hori ere gainetik.

Asko kostatzen da gure burua torturatutzat errekonozitzea, errealitate horri aurre egitea. Jasaten ari zinen hori gelditzen saiatzeko eraiki behar izan zenituen defentsa mekanismoak ez dira zure ardura. Kendu zama hori ere gainetik. Sistema oso bat eraikia zuten haien eskuetan erortzen ziren pertsonak suntsitzeko, baina lortu ez zutela erakusteko garaia heldu zaigula uste dugu. Aitortzaren bidea urratzeko garaia, guztiok elkarrekin. Ez gara torturaren biktimak, torturaren bizirauleak gara.

Hirugarrena eta bukatzeko, ohar garrantzitsua. Donostiatik urrun bizi diren hainbat lagun torturatuk horrela eskatuta, otsailaren 15eko batzarraren hasiera ordua 10:30etara atzeratzea erabaki dugu, ate irekierak 10:15ean izango direlarik. Batzarrak eta ondorengo agerraldiak 10:30-12:30ak bitarteko iraupena izanen du.

Otsailaren 15ean Donostian ikusiko dugu elkar! Euskal Herriko Torturatuen sarea sortzen ari gara!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!