"Autogestioa dute oinarri Euskal Udalekuek"

Alba Cabrera Jauregi 2025ko ots. 24a, 07:06

Bernedoko Euskal Udalekuen begirale-taldeko kide izan zen, joan den urtean, zizurkildarra.

Martxoaren lehenean irekiko da Euskal Udalekuetan izena emateko epea. Urtero bezala, adinaren araberako txandak antolatu dituzte, uztailean zein abuztuan, Abaigarren, Bernedon eta Goñin. Proiektua gertu-gertutik ezagutzen du Elorri Oyarbide Gereñu zizurkildarrak. 

Kandelei putz egingo die aurten Bernedoko Euskal Udalekuak, mende erdiko ibilbidea osatzen baitu etxeak. Alabaina, ezin ulertu Bernedo, Goñi eta Abaigar aipatu gabe. Landa-eremuan, Arabako zein Nafarroako herri txikietan daude kokatuta hiru etxeak, eta, urteen poderioz, uda sasoian, bertako bizilagun-komunitatearen parte bihurtu dira, jada. Autogestioa eta boluntario-lana oinarri eta euskara helburu bezain erreminta, bestelako aisialdi-eredu batetaz gozatzeko aukera ematen die Euskal Udalekuek Euskal Herriko askotariko txokotako haurrei zein nerabeei. 

Berezia da 2025. urtea Bernedorentzat, mende erdiko ibilbidea osatzen baitu aurten… Ospakizunerako tarterik hartuko al duzue?

Bai, noski! Urte bakarra egin dut Bernedon, baina lehendik ere ezagutzen ditut Euskal Udalekuak,  Abaigarrera eta Goñira joan izan naiz eta. Pixka bat kokatze aldera, 60. hamarkadan jarri ziren martxan udaleku horiek, Ikastolen Elkarteak bultzatuta, euskara hutsez jarduteko egonaldi batzuen beharra sentituta. Barrian hasi ziren udalekuak egiten, Arabako herri batean, 1965ean. Hamar urteko tartean askotariko tokitan egin ziren, jada Ikastolen mugimendutik kanpo, eta 1975. urtean, Bernedoko etxea finkatu zena. Horrela, ekainaren 14an ospatuko dugu urteurrena. Barrura begirako jaialdia izango da, urte hauetan guztietan, proiektuaren parte izan den jendeari zuzenduta. Joan den urtean, ospakizuna egin zuen Abaigarrek, urrian. 

Horrenbeste urteren ostean, zein toki du zuen udalekuak Bernedo herrian?

Herriaren parte gara. Oso ezaguna da bertan udalekuko jendea. Janaria eta egunerokoan behar ditugun gauzak, adibidez, toikiko dendetan erosten ahalegintzen gara eta herriari bizia ematen dio, uda sasoian, bertatik umeak eta nerabeak ibiltzeak. 

Zure antzera, haur zein nerabe askok hezitzaile gisa ematen diote segida beren Euskal Udalekuen ibilbideari. Zer dute berezitik urtero errepikatu nahi izateko?

Oso bereziak dira Euskal Udalekuak, eta, hein batean, bertan gauden hezitzaile eta sukaldariek lan boluntarioa egiten dugulako da hori. Proiektua gustuko dugulako gaude hor eta umeek esperientzia ezberdina bizitzea eragiten du horrek. 

Nahiz eta nork bere neurri eta doinura egin bidea, oinarri beraren gainean daude eraikita hiru udalekuak. Zein osagai biltzen ditu zimendu horrek?

Sakonean, ez dute, elkarren artean, ezberdintasun handirik, nahiz eta, bakoitzak, gero, bere xehetasunak eduki. Komunean ditugun zenbait oinarriren gainean, modu autogestionatuan egiten diren udalekuak dira: euskara, feminismoa eta auzolana, adibidez.

Eskola-sasoitik kanpo, aisialdira eramaten duzue euskara, haurren zein nerabeen ikasketa-prozesuaren mesedetan. Gainera, hamaika hizkuntza-errealitate ezagutzeko aukera emango die, ziurrenik. 

Gure oinarrietako bat da euskara. Nire kasuan, adibidez, Euskal Udalekuetan entzun nituen, lehenengo aldiz, beste toki batzuetako euskalkiak. Nire ustez, polita da haurrentzat aukera hori izatea, beraiena ez den beste errealitate batzuk ezagutzeko.

Interesa duenak nora jo dezake, informazioa eskuratzeko?

Gure webgunean dago informazio osoa, eskuragarri eta martxoaren 1ean irekiko da izen-ematea. Behin amaituta, toki baino eskaera gehiago dauden txandetan, aukeraketa egingo da. Ez da zozketa bidez egiten, hainbat irizpide hartzen baitira kontuan, besteak beste, parekidetasuna edo lurraldetasuna aintzat hartuta. Era berean, boluntario bila ere bagabiltza, hezitzaile zein sukaldari lanetan aritzeko. 

Askotariko balioen gainean eraikitako udalekuak dira, aukera ederra jendea ezagutzeko. Euskal Udalkuetara joan garen guztiok errepikatu izan dugu esperientzia, eta zerbaiten seinale da hori!

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 665 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!