1981eko otsailaren 13an hil zen Joxe Arregi zizurkildarra Polizia Nazionalak eragindako torturen ondorioz. Torturaren aurkako eguna izaten da urtero egun horretan, Euskal Herrian. Zizurkilen, Arregi zena omenentzeko ekitaldia egin izan da urtero data horren inguruan. Martxoan, berriz, Joxelu Geresta 'Ttotto' zizurkildarra hartzen da gogoan. 1999ko martxoaren 20an azaldu zen Ttottoren hilotza Errenterian, buruan tiroa zuela. Aurten hasita, ekitaldi bateratua egingo da aurrerantzean.
Zizurkilgo Memoria taldeak jakinarazi duenez, omenaldi-ekitaldietan aldaketak egin dituzte aurten: "Ez da izango kasu bakoitzari espresuki eskainiko zaion ekitaldirik. Senideekin hitz eginda hartu da erabakia, hainbat faktore kontuan izanda. Urteurren borobiletan eutsiko diegu bakoitzari lotutako ekitaldiei, baina, bien bitartean, aldaketa hau baliatuko dugu Estatuak eragindako sufrimenduaren memoria osoa aldarrikatzeko; torturatuena, erbesteratuena, gerra zikinak hil eta jazarritakoena… Egia asko dago oraindik ezkutuan".
Otsailak 22, larunbata
Otsailaren 22an egingo dute lehendabiziko ekitaldi bateratua, Zizurkilgo Urkamendin. Urtero jarraipena emateko asmoz abiaraziko dute. Memoria taldeak igorritako oharrean jakinarazi duenez, "Euskal Herriak azken hamarkadetan bizi izan duen indarkeriak baditu hamaika ertz. Egia guztiak, errelato guztiak ezinbestekoak dira aurrera egin nahi badugu. Argi dago, ordea, Espainiako Estatuak ez duela interesik zenbait egia argitara ateratzeko. Zizurkilgo herri memoria taldetik, uste dugu herritik bertatik sustatu behar dugula memoria osoaren aldarrikapena, guk kontatu behar diegula ondorengoei herri honetan gertatua, gure kasuan, Zizurkilen".
Urkamendi
Urkamendin jarri dute hitzordua, otsailaren 22ko eguerdiko 12:00etan. Mendi-tontorrean jarrita dagoen Herri Oroimenaren Gunean gauzatuko da ekitaldi bateratua. Estatuaren indarkeria jasan duten guztiak hartuko dituzte gogoan," Hegitik Egiara" izenburua izango duen ekitaldian. Eguraldi txarra egokituz gero, Zimiterioan gauzatuko dute ekitaldia.
Joxe Arregi eta Joxelu Geresta 'Ttotto' zizurkildarren kasuak aipatzen ditu Memoriaren taldeak kaleratutako oharrak: "Oraindik inolako aitortzarik ez duten eta estatu aparatuek hil zituzten bi kide ditugu herrian, Joxe Arregi eta Joxelu Geresta “Ttotto”. Urtero-urtero eskatu dugu eurentzat egia, aitortza eta erreparazioa azken 44 eta 26 urteetan. Ez gara nekatuko salatzen Estatu espainolak zein frantsesak, neurri batean ere, torturaz euskal herritarren aurka egin duten erabilpen sistematiko maltzurra. Joxeren erailketa horren adierazpen eta ondorio gordina da. Baita gaur egun ere sekretu ofizialeko legeak eragiten duena, Ttotto eta bese hainbat erailketa argitu gabe eta ezkutuan gordetzeko".
Ekitaldiak
- Otsailak 22, larunbata. 12:00, Urkamendi: “Hegitik Egiara” ekitaldia. *Eguraldi txarrarekin zimiterioan egingo da.
- Martxoak 7, ostirala. 19:00, Herribiziguneren lokala. Non dago Mikel? dokumentala.
- Martxoak 14, ostirala. 19:00, Iriarte kultur etxea: Paco Etxeberria mediku forentsearen hitzaldia.
Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpena
Aurreko larunbatean, Donostiako Kursaalen, Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu zuten. Hilabete luzeko prozesua izan da, urtearen hasieran aurkeztu dutena. Honatx, adierazpenaren atal azpimarragarrienak:
- Sare honen parte herri honetan tortura pairatu duen pertsona oro egin nahi dugu, milaka aurpegiren, milaka ahots isilarazi eta ukaturen bozgorailu izateko. Gure herriko torturatuen errealitatea jendartera eramateko subjektu aktiboa izan nahi duen sarea ehunduz.
- Askoz gehiago daudela jakin arren, 5.000tik gora dira Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako torturaren ikerketa zientifiko, independente eta profesionalaren bidez argitara ateratako tortura kasuak Euskal Herrian. Baina ez dugu txosten bateko zifra hutsak bakarrik izan nahi, gure herriko historia bizia garelako. Eta, bide horretan, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, Euskal Herriko bi erakunde gorenei, eskatzen diegu aitortza eta erreparazio ofizialerako mekanismoak garatzeko, 1960tik 2014ra bitarte jasotako milaka kasu guztientzako. Torturaren errealitatea itzaletik argira ofizialki ateratzeko, torturaren hamarkadetako ukazioa behingoz amaitzeko.
- Horrekin batera, erantzukizun publikoak hartzeko ordua ere badela irizten diogu. Torturaren aplikazioa Euskal Herrian sistematikoa izan delako. Metodo krudel eta lazgarria hori erabat operatibo egon den egitura oso baten babespean gauzatu eta justifikatu ahal izan delako, eta erantzuleak Espainiako Estatuko Segurtasun Indarretik haratago daudelako. Torturaren aplikazioan epaileek parte hartu baitute, mediku forentseek, hedabideek, hainbat indar politikok... Eta erantzukizun hori publikoki onartzea ezinbestekotzat jotzen dugu torturatuen aitortza eta erreparazioaren bidean aurrera egiteko.
- Uste dugu, halaber, torturak Euskal Herrian duen tamaina, dentsitatea eta intentsitatea oraindik ez direla ezagutzen bere osotasunean. Torturaren ondorioak ez baititugu lagun torturatuok soilik pairatu. Eta uste dugu torturaren errealitatea bere osotasunean jaso behar dela; haren ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ezagutarazi behar direla, baita begirada feministatik landu ere. Eskubideen urraketa larri horrek gure lurraldean izan dituen ondorioak ezagutarazteko, eta erakunde publikoen bidez erreparaziorako mekanismo integralak eraiki ahal izateko.
- Jendarteari, datozen belaunaldiei, gertatu dena argitzea zor diegu. Zergatik torturatu gintuzten ezagutarazi beharra dago, tortura ahalbidetu zuen testuinguru politikoaren arrazoiak mahai gaineratu behar diren bezalaxe. Hori baita berriro ere ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena. Inork, inoiz gehiago guk pairatu duguna jasan ez dezan, eragin ez diezaguten.
Amaitzeko, adierazi nahi dugu gure malko bakoitzean, itotako gure oihu bakoitzean, duintasunaren oihartzuna ere badagoela, egiarako deia. Gaur, gure ahotsak altxatzen ditugula, ez bakarrik guregatik, baizik eta tortura sufritu zuten haiengatik guztiengatik. Garrantzitsuena ez delako egin ziguten hura, baizik eta egin ziguten harekin egiteko gai garen hori. Eta guk, sufriarazi ziguten hura ahalduntze kolektiborako erabili nahi dugu. Euskal Herri hobe baten bidean, egiaren aldeko pauso bakoitzean askatasunaren aldeko pauso bat ere badagoelako.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 665 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.