Hiltegia INCAROSA (Industrias Cárnicas del Oria) enpresa pribatuak kudeatzen du, eta hurrengo hamar urtetan hala segitzeko baimena dauka.
Langileek Martuteneko 27. poligonoan kokatzen den Mafrido (Matadero Frigorifico Donostiarra S.L.) hiltegiaren aurrean protesta egin dute gaur goizean, “Alfonso paga las nominas” zioen pankartaren atzean jarrita. Alfonso Simonet Tolosako eta Donostiako hiltegien kudeatzailea da, eta hari egozten diote Tolosakoaren kudeaketa kaskarra egin izana.
Sindikatuen kritikak
Lanuztearen deialdia egin duen ELA sindikatuak erantzukizunak dizkio Tolosaldeko Hiltegi Eskualdetarraren Gestiorako Udalerri Mankomunitateari, gogoratuz zerbitzu publikoa eskaintzen duela hiltegiak, nahiz esku pribatuek kudeatu.
ENBA sindikatuak ere oso larritzat jo du egoera. “Zorra handia pilatu dute Tolosaldeako Mankomunitate eta Tolosako udalarekin, lokalagatik ordaindu beharreko kanona eta alokairua urteetan ordaindu ez dutelako, eta sorpresaz, egoera horretan jarraitzea utzi zaio”.
Nekazarien sindikatuak gehitu duenez, enpresako jabeak, azken bi urteetan, “enpresa ahultzen joan dira, bai giza baliabidez, langileak gutxituz eta zuzendaritza gabe, bai beste baliabidez, kamioiak kenduz, ondorioz, okelaren errepartoa nabarmen okertuz”. Sindikatuak argi dauka hiltegia kudeatzen duen INCAROSA enpresa dela egoeraren arduradun nagusia, eta bereziki, “azken urteotan, eraman duen joko maltzurra”.
Mankomunitateari, berriz, “bere ardurapeko zerbitzuarekiko urruntasuna eta kontrol eza “ egotzi dio.
Tolosako Mankomunitateak egoera berbideratzeko urgentziazko esku-hartzeko asmoa duela adierazi du. Gaineratu duenez, txosten juridikoa ez ezik mankomunitatea osatzen duten 45 udalen babesa beharko du egoera bideratzeko.