Orain bost urte lur hartu zuen Irradakak Zizurkilen, Emakume* Langilearen Nazioarteko Egunean. Harrezkero, urteroko hitzordu bihurtu da herriko emakumeentzat, kalera ateratzea, elkarrekin irradaka dantzatzeko, baita Emakumearenganako* Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean ere. Larunbatean izango da, arratsaldeko 17:00tan, Joxe Arregi plazan. Ez da, ordea, bailaran egingo den emakumeen Irradaka bakarra: aurten, lehen aldiz, Andoainen egingo baitute, egun berean, eguerdiko 12:00etan, Goikoplazan. Bi herrietako dantzen sorreran aritu da Itziar Otamendi.
Ezaguna ez zaionarentzat, zer da irradaka?
Korroan egiten den dantza da, eskutik helduta, azala azalarekin. Korroa da, itxia, eta orduan, horrek ematen du batasuna eta indarra, guztiok bat egiteko. Kantuan egiten da Irradaka, besoak mugituz, gora eta behera. Normalean, albo batera eta erdira ematen dira pausoak, kide guztiak elkarrekin.
Abestutako dantza da irradaka eta dantzariek egiten dute hori, normalean. Bertso modukoak dira eta garai bateko zein egungo istorioak kontatzen dira kantuan. Esaterako, Zizurkilgo Irradaka sortu genuenean, gaur egungo bertsoak izan behar zutela erabaki genuen. Horietan, lehengoaz eta oraingoaz hitz egiten da, inor baztertu gabe, emakume guztiak kontuan hartuta.
Zizurkilgo irradaka ez dago dantza-talde batentzat egina, herriko emakumeentzat baizik. "Nik hori egin dezaket", esan behar du ikusleak, nahi duen orok parte hartzea delako irradakaren helburua. Lehenengo urtean, entsegu pare bat egin genituen, berria zelako eta erakusteko. Hurrengoetan, bideoetatik ikusita edo aurrez aurre ikusita, jendea ausartu da, nahiz eta ondo ez jakin sartu eta, momentuan, "harrapatuko dut" esaten. Hori da polita, edozeinek egitea. Hori da, finean, irradakaren esanahia, batasuna, inongo desberdintasunik gabe.
Martxoak 8 eta Azaroak 25 egunetan egin izan duzue.
Egin behar den gauza bat da, berdin du zenbat gauden. Aurreko urteko Azaroak 25 astelehen batez izan zen. Hamabost kide elkartu ginen eta geundenekin egin genuen. Ez da ohitura galdu behar, martxa hartuta dauka, jada.
Aldarrikapena egiten dugu, lotuta dagoelako Irradakaren esanahiarekin eta emakumearekin. Zentzua emateaz gain, indar handiagoa ematen dio. Ez da koreografia hutsala, esanahia dauka eta asmo jakin batekin egiten da. Martxoaren 8an egiten dugu, gure egunean, eta mezu hori zentzu guztietan zabaldu behar da, etaIrradaka bada modu horietako bat. Nahi den beste, nahi den egunetan dantzatu daiteke, baina, bereziki, Zizurkilgo irradaka martxoaren 8ari begira egin dut.
Pandemia iritsi zen urtearen amaieran, Dantzan.eus-ek bere hamar bideo ikusienak argitaratzen ditu. Hirugarren postua lortu zuen gureak. Poza ematen du Zizurkil herriaren izena zabaltzeak, zer eta Martxoak 8 egunerako prestatutako irradakarengatik.
Adinekoak, helduak, gazteak, haurrak… Herriko zenbait belaunaldi elkartzeko aitzakia ematen al dizue?
Polita da alaba, ama eta amona elkartzea. Esango nuke hori Zizurkilen ikusi dudala. Guztiontzako tokia dago irradakan. Politena litzateke betiko hemen gelditzea, urte batzuetara nahigabeko izatea, emakume guztiek jakitea.
Parte hartzeko proposamena luzatu bezala, askok erantzuten zidaten ez dakitela dantzan. Askotan, dantzarik sinpleena da dotoreena. Gainera, sentimendua dauka irradakak eta denongana iristeko modu bat da. Ez da dantza-talde baten pieza, herrirako egina dagoen zerbait da. Zizurkilgo irradaka emakume zizurkildar guztientzat sortzea izan da nire asmoa eta, kanpoko norbait etorriz gero, ongi-etorria izango da. Batzuri, jada, ez diet esan behar Irradaka egitekoak garenik ere, badakidalako agertuko direla, bere sentitzen dutelako dantza.
Aurtengo martxoaren 8an, Zizurkilen ez ezik, Andoainen ere dantzatuko da irradaka, lehen aldiz. Indarra hartzen hasi denaren seinale?
Nik uste dut baietz. Bakoitzak bere aldarrikapen moduak bilatzen ditu eta horietako bat da irradaka.
Ilusioa egin zidan Andoaingoak nirekin harremanetan jarri zirenean. Orain dela hilabete deitu zidaten laguntza eske eta azkar batean egin dugu. Entsegurako deialdia egin eta 70 bat pertsonak eman zuen izena!
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 666 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.