Iristear da Aiztondo Klasikoaren hogeigarrena

Aiurri 2025ko mar. 6a, 08:05

Aiztondo Klasikoa, aurten, Adunatik abiatuko da eta Amasa-Villabonan amaitu. aiurri

"XX. Aiztondo Klasikoa Txomin Perurena-Patxi Alkorta memoriala" larunbat honetan abiatuko da Adunatik, goizeko 10:30ean hasita. 132,8 kilometro egin ostean, eguerdiko 14:00ak baino lehen Villabonako kaleetan amaituko da. Estatu mailako onenak bertan izango dira.

Kristina Rodriguez,  Adunako alkatea

Adunak harrera egingo dio lasterketari, eta alkateak aintzat hartu du proba burutzeko antolatzaileek eta boluntarioek egiten duten lana: "Urteak daramatzagu Aiztondo Klasikoa antolatzen, eta ezinezkoa litzake boluntarioen laguntzarik gabe. Beraz, Adunako Udalaren izenean, eskerrak eman nahi nizkieke bolondres guztiei egindako lanagatik, Aiztondo Klasikoa batzordeko kideei eta nola ez, Adunako Txulobi Elkarteari, urtez urte antolaketan laguntzeagatik".

Bea Unzue, Amasa-Villabonako alkatea

Adunan hasi eta Villabonako kaleetan amaituko da aurtengoa. Lasterketak duen dimentsioa ondo laburbildu du alkateak: "Klasikoak bigarren hamarkada bete du eta Aiztondo bailara osatzen dugun herriok, Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul, Zizurkil eta Amasa-Villabona, harrotasunez baieztatu dezakegu gero eta ospetsuago eta erreferente bilakatu den goi mailako afizionatuen lasterketa hau daukagula gure bailaran. Eskerrak eman nahi dizkiet bihotz-bihotzez, urte luzez isilpean, sukalde lanean, aritzen diren boluntario guztiei, bereziki, Aiztondo Klasikoako batzordeko kideei. Bejondeizuela!".

Ginkana eta erakusketa

Lasterketa bat baino gehiago dela sinetsita daude antolatzaileak eta, bide horretan, lasterketa beste esparru batzuetara zabalduko dute. Martxoaren 8rako umeentzako ginkana dibertigarri bat antolatuko dute, antolatzaileen hitzetan, "umeek jolas eginaz eta protagonista izanik ikas dezaten". Eta, bestetik, Txomin Perurenari eskainitako argazki erakusketa irekiko dute Villabonan, martxoaren 6an eta 7an: "bere kirol ibilbide arrakastatsuan barrena egindako bidaia izango da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!