Hitzarmen berria, osoagoa eta sendoagoa

Aiurri 2025ko mar. 7a, 08:00

Euskara arloko lankidetza akordioa berritu dute Buruntzaldeko sei udalek, lau urterako. Orain arte jorratutakoaz gain erronka berri batzuei helduko diete, hori bai, hasierako helburu berberarekin: euskararen normalizaziorako egitasmoak elkarren artean bideratzea.

Buruntzaldean errotuta dagoen eta dagoeneko fruitu oparoak eman dituen lankidetza hitzarmena berritu dute eskualdeko sei udalerrietako ordezkariek. Hernaniko udaletxeko pleno aretora bertaratu ziren Astigarragako alkate Xabier Urdangarin, Hernaniko alkate Xabier Lertxundi, Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta, Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdivia, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi Marta Lasa eta Urnietako Udaleko Sustapen zinegotzi Ana Pozas. Gauzak horrela, euskara arloan lankidetzan segiko dute, orain arte landutako guztiaz gain erronka berriei helduta, hori bai, orain arteko helburuari eutsita: euskararen normalizaziorako egitasmoak elkarren artean bideratzea. Lau urterako izango den elkarlan egitasmoa 2002an hasitako lanaren segida izango dela nabarmendu zuten ordezkariek.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek errealitate linguistiko desberdinak dituzte baina antzeko egitasmoak martxan ditu hainbat arlotan, nork bere bitartekoak erabiliz prestatuak. Ekimen horiek eskualdera zabalduta "aberatsagoak eta sendoagoak" izango direla sinetsita daude: "Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak hobeto erabiltzearen poderioz landuagoak izango direlako eta, ondorioz, baita eraginkorragoak eta errentagarriagoak ere".

Egindakoa eta egiteke dagoena

Hernaniko eta Lasarte-Oriako Euskara zinegotziek, Axier Mingok eta Estitxu Alkortak hartu zuten hitza ondoren, elkarlan hitzarmenaren gakoak azaltzeko. "Merkataritza edota autoeskolen eremua euskalduntzen aritu gara eta familia transmisioari ere heldu diogu, esparru hori oso garrantzitsua delako euskara ama hizkuntza gisa transmititzen jarraitzeko. Nire iritzi apalean, oso-oso lan txukuna egin dugu orain arte", azpimarratu zuen Mingok. Dagoeneko ondu eta zabalduak izan diren egitasmoen artean, Buruntzaldeko kultura agendarena nabarmendu zuen: "Ikustaldi ugari jasotzen ditu, herritar askok begiratzen dute eta euskaraz kontsumitzeko oso atari interesgarria da". Alkortari hitza eman aurretik, nabarmendu zuen etorkizuneko lan ildoak Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen AROA Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoak zehazten dituen zazpi ardatzen gainean aurrera eramango dituztela.

Alkortak berak eman zituen etorkizuneko erronkei buruzko zertzelada batzuk. Azpimarratu zuen, adibidez, lan mundua: "Gure gazteek euskaraz egiten dituzte ikasketak, eta, logikoki, esparru horretara egingo duten jauziak ere hizkuntza horretan izan behar du". Eskualdeko udalek hartu dute konpromisoa beste esparru batzuetan ere eragiteko, hala nola adin tarte horretakoen ahozko erabileran: "Pisu guztia beraiengan jartzen dugu eta ez da justua, baina euskara-eskola binomioa hautsi eta gustuko dituzten aisialdi egitasmoetan ere eragin behar dugu, aukera gehiago eman eta euskararekiko lotura positibo horiek sendotzeko". Horiez gain, etorri berriak direnen harrera eta Lanbide Heziketa aipatu zituen zinegotziak.

Bestalde, Buruntzaldean abian jarri duten lankidetza goraipatu zuen: "Euskararen sustapenean eragiteko aukera ematen digu".

"Taldean arituta, urrunago iristen gara guztiok"

AXIER MINGO HERNANIKO EUSKARA ZINEGOTZIA

"Helburua da euskara normalizatzeko egitasmoak elkarren artean garatzen jarraitzea, taldean urrunago iristen garelako. Eskualdean esparru asko jorratu ditugu, eta, horietatik, nabarmendu nahi dut Buruntzaldeko kultura agenda: aisialdia euskaraz kontsumitzeko oso atari interesgarria da, eskualdeko udalerrietan zer antolatu duten kontsultatu eta ekimenetan parte hartzeko, herri batetik bestera jauzi eginda".

"Aintzindariak gara lankidetza eredu honetan"

ESTITXU ALKORTA LASARTE-ORIAKO EUSKARA ZINEGOTZIA

"Goraipatu egin nahi dut lankidetza mota hau; aitzindariak gara eredu honetan. Aurrera begira erronkak ditugu eta Eusko Jaurlaritzaren AROA marko estrategikoak zehazten dituen zazpi ardatzen baitan jarraituko dugu lanean. Izango ditugun desafioen artean lan munduarena azpimarratuko nuke. Gure gazteek euskaraz egiten dituzte ikasketak, eta, logikoki, esparru horretarako jauziak ere hizkuntza horretan izan behar du".

Soziolinguistikoki anitza den eskualdeko herriak, elkarrekin eragiten

Ezaugarri askotako sei udalerrik osatzen dute gure eskualdea: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil. Bakoitzak bere berezitasunak ditu eta anitzak dira, besteak beste, soziolinguistikoki, baina herri horiek guztiak badituzte gauzak komunean eta horiek bateratzen ditu Buruntzaldea Euskaraz atari digital berrituak, 2002an hasitako lankidetza egitasmoaren fruitu mamitsu eta ikusgarrienetako batek. Webgune horretan arakatzen dutenek aukera izango dute jakiteko zer antolatu duten udalerri horietako bakoitzean, non izango den, zer ordutan hasiko den eta nork aurrera eramango duen. Izan ere, sei herriak desberdinak izanagatik, bertan bizi garenok joera dugu ingurukoetara joan eta bertako euskara eskaintza aberatsaz gozatzeko.

Dagoeneko egindakoa ahaztu gabe, aurrera begira jarri dira sei udalerri horiek eta lau urterako izango den lankidetza hitzarmena berritu dute. Hemen dituzue akordioaren gakoetako batzuk:

Hitzarmen berria, helburu berbera

  • Buruntzaldea eskualdeko Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalen helburuetako bat da, besteak beste, udalerri horietan euskararen normalizaziorako zenbait egitasmo elkarren artean bideratzea.

Egitasmo aberatsagoak

  • Egitasmoak eskualde mailara zabalduta aberatsagoak eta sendoagoak izango dira, giza baliabide eta baliabide ekonomikoak hobeto erabiltzearen poderioz landuagoak izango direlako, eta, ondorioz, baita eraginkorragoak eta errentagarriagoak ere.

Urrunago iritsi eta eragiteko

  • Badaude, bestalde, udalerriaz gaindiko gaiak ere, udal batek bakarrik eragin ezin dituen arlo edota sektoreak. Horregatik, ekimen horiek eskualdeko izaera dutenez, maila horretako esku-hartzea bideratuko dute udalek, hitzarmen honen bitartez.

Lehentasunezko jarduera-esparruak

  • Hizkuntz normalizazioaren ikuspegitik sei udalerrientzat lehentasunezkoak izan daitezkeen jarduera-esparruetan jardungo dute: familia eta irakaskuntza, kirola, aisialdia, merkataritza, euskararen erabilera, lan mundua, etorri berrien harrera...

Lau urterako hitzarmena

  • Hitzarmen honek lau urteko iraupena izango du, 2025eko otsailaren 28tik kontatzen hasita. Sei udalerrietako ordezkariek ilusioz eta gogoz izenpetu dute akordioa, hitzarmen berria osoagoa eta sendoagoa delako. Lanean jarraitzeko irrikaz daude.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!