N1 eta A15 errepideen arteko lotune berria aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Jon Ander Ubeda 2025ko mar. 17a, 10:58

N1 eta A15 errepideen arteko lotunea fase berri batean sartu da, bi aukera baitaude mahai-gainean. Otsailaren 27an Andoaingo Udalak proiektu alternatiboaren berri eman zuen eta, gaurkoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egitasmoa aurkeztu du.

“Gipuzkoar guztien ongizate integrala” lortzea helburu du Eider Mendoza Ahaldun Nagusiak. Gaurko agerraldia hitz horiekin abiatu du. Hiru hitz errepikatu ditu agerraldi osoan: iraunkortasuna, segurtasuna eta  erosotasuna. N1 eta A15 arteko lotunean, Andoainera etorrita, "udalerriari eskaintzen diogu soluzio berri bat" esanez jarraitu du Mendozak. Eta zein da irtenbide hori? Egungo lotunearen ordez, lotune askoz handiago bat eta herrigunetik Oria alderantz urrunduko dena. Xehetasunak, jarraian: "lazo itxura duen zubibidea izango da, 700 metro inguruko egitura bat, eta horrek onura nabarmena egingo dio trafikoari. Trafikoa arintzeko eta erretentzioak saihesteko, lotunea herrigunetik aldentzeko eta soluzio berriak auzuneei eskaintzeko".

Egitasmoaren erredakzio teknikoa lizitazio-prozesuan da, eta 43 milioi euroko aurrekontua izango duela aurrikusi dute.

Felix Urkola diputatuak xehetasun gehiago eman ditu. "Lazo" itxurako egitasmoa nolakoa izango den galderari erantzunez, bereziki: "Egitasmo berriarekin Urnietatik datorren Atorrasagasti tunela pasata bi erraili eutsiko zaio N1 errepideraino. Zubibide berriak Oria ibaia zeharkatuko du eta Lasarte-Oria aldetik datorren N1 errepidearekin ezker aldetik bat egingo du".

Bazkardo aldean errailak estaliko dituztela argi dago baina prozeduraren xehetasunak oraindik ez dira publiko egin. Izan ere, Urkola diputatuak hori Andoaingo Udalarekin adostu nahi du. Hori izan da agerraldian adierazi duena. Izan ere, egitasmoak eragiten dio Andoain barruko trafikoari: "Egitasmo berriak aukera ematen du errailak estaltzeko. Udalari eskua luzatu euren ikuspegia emateko. Barruko trafikoa nondik nora bideratu eta estaldura horren amaiera nola egin erabakitzeko, zehazki".

Agerraldian aurkeztu dute "Lazoa"ren argazki-muntaia

Agerraldian, handiz, egitasmo berria ageri da. "Lazo" itxurakoa du eta Oria ibaia zeharkatuko du. 700 metroko luzerakoa, N1 arekin ezker aldetik bat egingo du. Horiz ageri da argazki gainean egin duten muntaia.

  • Horiz, lotune berria, Lazo itxurakoa. Morez, egungo lotunea:

 

Lotune berria, irudiz

Aldundiak helarazitako planoa eta 3D maketa:

Aldundiak helarazitako argazki-muntaia.

Aldundiak helarazitako planoa.

Egutegia

Aldundiaren oaharrak honela jaso du: aurreikusitako egutegiaren arabera, proiektua 2025eko bigarren seihilekoan idatziko da, obren lizitazioa eta obren hasiera 2026an gauzatzea espero da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!