Mugikorrarekiko adikzioa errealitate bihurtu den honetan, gorantz egin dute, zuen hitzez, nerabeen artean, buruko gaixotasunek.
Ikerketa askok esan digute, momentu honetan, nahi baino erlazio estuagoa dutela. Ez da puzzleko pieza bakarra, nahiz eta gakoa izan. Gure pentsamendua, sentimenduak eta jokabidea ari da aldatzen mugikorra, alegia, bertan ditugun plataformek bizimodua aldatu digute. Horrek ezin digu ez eragin.
Gaur egun, irudia gailentzen da jendartean, eta nerabezaroaren kasuan, adibidez, oso inportantea da, ingurukoek nola begiratzen, onartzen edo maitatzen gaituzten. Kanporantz erakusten dugunari ematen diogu garrantzia eta, orduan, barne-garapenari ez diogu tokirik egin. Landare bat bezalakoak garela esan ohi dut beti formakuntzetan: ikaragarri hazitako landarea gara, baina oso sustrai ahulekin. Jendarteak, baita sare sozialek eta mugikorrean ditugun plataformek ere hori egiten dute, landare horiek gorantz ikaragarri luzatzea, baina sustrairik sortu gabe. Eta guk sustrai sendoak sortzen lagunduko digun teknologia behar dugu. Beraz, bada faktore garrantzitsua.
Egoera ondo bideratu ezean, aukerarik ba al dute natibo digitalek adikzioari eta gehiegikeriari ihes egiteko?
Ñabardura egiten dugu guk irakurketa horretan. Natibo digitalaz baino, umezurtz digitalaz egiten dugu mintzo. Teknologiaz eta pantailez inguratuta jaiotzeak ez du esan nahi horiek erabiltzen dakigunik. Nahastu egin gara hor. Zergatik? Belaunaldi gazteagoak hezten ditugun helduok ere ez baitugu ganorazko formakuntza digitalik, umezurtzak gara. Digitalizazioa ematen diegu, horretan trebatzen erakusteko gaitasunik izan gabe. Gailuak beren eskura ipintzeagatik pentsamendu konputazionala eskuratzen dutela uste dugu eta ez da egia. Ona da digitalizazioa, garapenean laguntzen dio gizakiari, baina gailuaren atzean dagoen hori guztia erakutsi behar zaie: jarrera kritikoa, nola erabili, nola programatu... Guk ez dugu horrelakorik jaso, horregatik, natibo digitalez baino, umezurtz digitalez hitz egin behar dugu.
Bestalde, osasun emozionalarekin lotuta, bigarren ñabardura gehitzen diot nik lehenengoari: askotan, helduok, bizi-erritmo azkarregia dela eta, gailuak sartu dizkiegu haiengana iristeko gai izan ez garen uneetan. Horregatik, umezurtz digitalak izatez gain, umezurtz binkularrak ere badira asko: hartu-emanak, begiradak... Heldu baten presentziaren falta duen belaunaldia da.
Heldu moduan, gure gabeziak mugikorraren bitartez kontrolatu nahi izan ditugu: ez gaudenez, teknologia jartzen dugu. Teknologiak ezingo ditu sekula ordezkatu gizakien arteko aurrez aurreko hartu-emanak. Lagundu? Bai, baina bere tokia hartu? Ez. Gurasoek edo lagun batek eman dezakeena ezin du adimen artifizialak eman, adibidez. Zulo horretan erori gara.
Zergatik da horren erakargarria mugikorrak eskaintzen duen amildegi digitala?
Oso-oso ondo dago pentsatuta. Beste gauza bat da niretzat, pertsonalki, ez dela etikoa. Konturatu gabe, hamarkada oso bat daramagu gure datuak ematen, eta, horrela, gure oso profil zehatza egitea lortu dute. Momentu askotan, badakite zer behar dugun eta teknika psikologiko eta teknologiko ikaragarri eraginkorrak sortu dituzte pentsamendu limurtzailea izateko: "Bukatuko duzu pentsatzen, sentitzen eta egiten nik nahi dudana". Lortu dute. Las Vegas txikia dela esaten dugu: kasino batean, dena dago pentsatuta, ez? Leihorik ez, alfonbra itsusiak, inork lurrera ez begiratzeko, usain jakin bat, musika, kolore biziak... Gauza bera egiten dute mugikorrarekin. Amaitzen al dira bideoak, gaur egun sare sozialetan? Ez. Oso estrategia ona da edukia amaigabea izatea, gure garunak ez daki sostengatzen bukatzen ez den hori; geroz eta gehiago nahi du. Garai batean, telebista ikustean, emisioa amaitu egiten zen. Liburuak ere hasi eta bukatu egiten dira. Infinituak dira gaur egun sortutako plataformak eta bide beretik doaz mugikorrak bidaltzen dizkigun jakinarazpenak. Ez dakigu, 50 Whatsapp mezu, 60 mezu elektroniko eta Instagrameko lau "atsegin dut" izanda, mugikorra ez begiratzen. Baieztapen hori behar du gure garunak.
Tresna guztiak biltzen dituen gailua da mugikorra: lan egiteko plataformak, argazki-kamera, musika-erreproduzitzailea, agenda, sare sozialak, ordainketa egiteko bideak... Gizaki batek, ustez, "behar" dituen gauza guztiak sartu dizkigute gailu bakarrean.
Teknologiekiko adikzioa helduok ere badugu. Ez gara horrekin konturatu eta gazteei sartu diegu. Hortaz, gazteak ez dira arazoaren muina. "Zer gertatzen zaio gaur egungo gazteriari?" galdera egiten da, askotan. Guk horri beste galdera batekin erantzuten diogu: "Zer gertatzen zaio gaur egungo jendarteari gure gazteak horrela egoteko?". Mugikorrak azeleratu egin du, jada, bageneukan zerbait. Jendarte gisa, aukera polita daukagu orain helduok hamarkada honetan non egon garen eta zertan aritu garen ikusteko. Gai honetan, nerabeak sintoma dira, ondorioa, eta, gurean, sintoma kriminalizatzeko ohitura dago, zerbait ondo ez dabilela ikusteko aukera direla ulertu beharrean.
Nerabezaroan, zein eragin du “ni”-aren pertzepzioan errealitate digitalak horrenbeste pisu hartu izanak?
Ez dago ezer solidoa gizartean, dena bihurtu da likido, alegia, ez dago egonkortasunik, ziurgabetasuna baita nagusi. Garai honek erronka hori dauka. Interneten, sare sozialetan aurkitzen dugun informazio guztian ez dago ezer solidoa. Bada, nerabezaroan, izatez oso desegonkor gaude, eta normala dela, hori eman behar dela, ez dela txarra, baina kontsumitzen ditugun edukiak ere horrela badaude, desegonkor, eta topatzen dituzten helduak ere horrela badaude, handiagoa da zorabio sentsazioa eta, are gehiago, gehiegizko informazioak ez du laguntzen horretan. Gainera, sare sozialetatik iristen zaien guztiak perfekzionismo neurotiko batera eramaten ditu, idealizazio maximora. Nahiz eta guk borondate ona izan bizitzan, gauza asko aterako zaizkigu gaizki, eta oso inportantea da hori presente edukitzea. Uneoro, konparaketara eramaten dute edukiek, bata bidaiatzen dagoela, bestea kuadrillarekin kontzertu batean dagoela... Guk lehen horren berri ez geneukan. Nekatu egin gaitu digitalizazio mota horrek, teknologiak horrela txertatu izanak, ezkutuan biolentzia gordetzen baitu. Izan ere, bada, batetik, gizaki moduan hobetzera eramaten gaituen tresna digitalik eta oso aberasgarria da hori. Baina bada, bestetik, gu bere zerbitzura nahi gaituen teknologiarik, sare sozialak, esaterako.
Bestalde, konektatuta egotea ez da binkulatuta egotea. Binkulatuta egotea harreman sakonak egitea da, harreman afektiboak egotea, nire hauskortasuna erakusteko aukera dudan erlazioak sortzea, eta parekoak nire hauskortasuna jasotzea. Hori konexioetan ez da ematen, binkulazioaren azaleko geruza direlako. Eta ondo dago, konexioak bakarrik egitea. Baina konektatuta egoteak ez du esan nahi binkulatuta gaudenik. Ondorioz, hutsune emozionalak sortzen dira, izaki sozialak gara eta parekoa aurrez aurre behar dugu geure "ni"-a sortzeko, parekoaren erreflexuarekin eraikitzen baitut nik neure "ni"-a.
Egoerari aterabidea emateko ahaleginean, ezjakintasuna eta noraeza dira nagusi. Zertan laguntzen du sortu duzuen ZEOS programak?
Beldurtuta gaude eta horrek blokeora eramaten gaitu. Gure proposamenak hortik ateratzeko erreminta eskaintzen du: datuak ikusi behar ditugu gaiak duen garrantziaz jabetzeko, baina, era berean, baita lasaitasun apur bat sentitzeko, orain dela bost urte baino hobeto baikaude une honetan. Dugunaz ohartu gara, eta neurriak hartzeko momentua da orain. Formakuntza jaso behar dugu, eta bide hori egin bitartean, auzia arautu beharra dago, mugikorraren erabilera-adina atzeratzearekin batera. Eta ez atzeratu, atzeratze hutsagatik, baizik eta geure burua prestatuago egon behar delako hori guztia kudeatu ahal izateko.
Aipatutako guztiaz hitz egiteko aukera izango da Andoainen eta Amasa-Villabonan.
Mugikorraz ez ezik, beste gauza batzuen gainean ere jarduten dugu, gure bizitza-estiloak ere ekarri baitu egun bizi dugun egoera: bakardadea, burbuila emozionala, jolas librearen gainbehera... Arkitektura sozialari erreparatuta, zein eginkizun ditugu? Besteak beste, horri buruz hausnartzeko aukera ematen du programak, bakoitza non gauden ikusteko eta erremintak eskuratzeko.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 667 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.