Hirugarren ediziora iritsi da ekimena eta, partaide berri bat izango du gainera, Alkiza. Honenbestez, Aiztondo bailarako bost herrik hartzen dute parte antzerkialdian.
Adunako alkate Kristina Rodriguezek nabarmendu duenez, “hirugarren urtez antolatu dugu elkarlanean GORA TELOIA! Aiztondoko Antzerkialdia, arte eszenikoei ikusgarritasuna emateko eta gure herrietako artista gaztetxoei taula gainera igotzeko aukera eskaintzeko helburuarekin. Elkarlanak ematen digu aukera gure tamainako herrietan kultura-programazio oparoa antolatzeko eta hilabetez antzerki jaialdi bat osatu ahal izateko”.
Programazioa
Antzerkialdiaren lehen saioa martxoaren 22an izango da, Alkizan, 19:00etan, Txalo Talo konpainiaren Kutsidazu bidea, Ixabel! lanarekin. Martxoaren 24an, Asteasun, Pantzart Teatroaren Kolorez Kolore haur antzezlana eskainiko da Pello Errota eskolan, 15:00etan. Martxoaren 27an, berriz, Pez Limbo konpainiaren Óxido ikuskizuna izango da udaletxean, 19:00etan.
Martxoaren 28an, ostiralean, bi saio izango dira Asteasun eta Adunan. Goizean, Teatro Firuleteren Basoa lana eskolako haurrek ikusi ahal izango dute, eta arratsaldean, Adunan, Barre Txooootx! bakarrizketa eskainiko dute Maria Blanco, Ander Malbadi eta Mirari Martiarenak. Adunan bertan, apirilaren 2an, Munduari Itzulia 80 egunetan eta Ipuin Lotsatiak ikuskizunak izango dira eskolako eta haur hezkuntzako ikasleentzat.
Larraulen, apirilaren 3tik 6ra bitarte, hiru emanaldi izango dira: Haizeak darama eta dakarrena, Beste historia eta Altuna jaunaren asesinatzilea.
Eta zikloaren amaiera Zizurkilen izango da. Apirilaren 7an, astelehenean, Maitatzen antzezlana ikusi ahal izango dute HH-3, 4 eta 5eko umeek Atxulondo kultur etxean, Zirkun Zirko konpainiaren eskutik (11:00). Apirilaren 8an, asteartean, Eneko Etxebarrietaren Espazioa lanak LH1-2-3ko umeak eramango ditu irudimenezko bidaia batera (11:00). Apirilaren 9an, asteazkenean, Tdiferencia konpainiaren Burua txoriz beteta antzezlana izango da, LH4-5-6ko gazteei zuzendua (11:00).
Ostegunean, apirilaren 10ean, haur eta gaztetxo zizurkildarrak izango dira protagonista, beraiek prestatutako antzezlanekin. Gainera, Uliazpiko egoiliarrak ere animatu dira euren antzezlana aurkeztera, jaialdiari izaera inklusibo eta parte-hartzailea emanez.
Jaialdiari amaiera bikaina emateko, Laura Penagosen Putaren bakarrizketa eroetxean lana eskainiko da apirilaren 12an, larunbatean, Atxulondo kultur etxean, 19:30ean. Sarrerak 3 euroko prezioan erosi ahal izango dira udal-bulegoetan.