Diru-bilketa kanpaina, KORRIKAri buruzko dokumentala egiteko

Aiurri 2025ko mar. 24a, 10:25

KORRIKA izango du hizpide AEK-k eta Mirokutana ekoiztetxeak elkarrekin egingo duten dokumentalak: "Jalgi hadi!". Hori posible izateko, diru-bilketa kanpainari ekin diote egileek, "euskararen bihotza eta burua proiektu batean elkartzeko asmoz".  Martxoaren 17tik apirilaren 25era bitartean egongo da aukera laguntza emateko, 20 euroko diru-ekarpenetik hasita. 

Aurreratu dutenaren arabera, hizkuntzaren aldeko lasterketa erraldoia barrutik ezagutzeko aukera emango du ikus-entzunezkoak: "Elkarrizketen bitartez, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egingo dugu". Alde batetik, gertutik ikusiko dute ikus-entzuleek ekimena posible egiten duen taldearen jarduna, "KORRIKAREN emozioa lehen pertsonan bizitzeko". Beste alde batetik, askotariko kideen topagune bihurtu nahi dute: soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile, politikari eta beste hamaika euskaltzale. 

"Euskara maite duen edonorentzat" ari dira dokumentala egiten: "Euskara bizirik ikusi nahi baduzu, egin klik eta lagundu
crowdfunding bitartez!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!