Tolosako Zerkausian egin dute Uzturre Foroa elkartearen aurkezpen ekitaldia. Talde sustatzaileko hainbat kide elkartu da bertan eta Jokin Bildarratzek hartu du hitza, foroaren aurkezpena egiteko: “Uzturre foroaren talde sustatzailea elkartu gara hemen. Duela 20 urte martxan jarri zen ekimenaren lekukoa hartu duen elkarte berria gara. Dagoeneko elkartea erregistratzeko eskabidea aurkeztuta dago eta elkartearen izena 'Uzturre Foroa Elkartea, Tolosaldea, Egungo gizartearen erronkak eta lehentasunak izango da'. Jesus Insausti ‘Uzturre’ tolosar buruzagi jeltzalearen izena eta izanarekin du lotura elkarte berriak. Uzturrek bere belaunaldiko kideekin batera, oso momentu zailak bizi izan zituen eta orduan ahotsa altxatu eta errebelatu egin zen. Beti, hori bai, eta guretzat ardatza da, giza duintasuna eta printzipio demokratikoak defendatuz. Guretzat hori ezinbestekoa da”.
Foroaren helburu nagusiak azpimarratu ditu Bildarratzek: “Nazionalismo demokratikoaren memoria ardatz hartuta, pedagogia sozial eta politikoa bultzatu nahi genuke. Hausnarketa, prestakuntza, deliberazioa eta parte hartzeko guneak eskaini nahi ditugu. Iritzi aniztasuna ardatz gisa hartuz eta nola ez, adierazpen askatasuna; politika eta gizartearen arteko harremana gardentasun osoz garatuz”.
Apirilaren 1ean, Aitor Esteban Topic-en
Uzturre Foroaren lehen ekitaldia apirilaren 1ean gauzatuko da. “Apirilaren 1ean egingo da, arratsaldeko 19:00etan Topicen. Aitor Esteban izango da bertan. ‘Gure herriaren erronkak eta lehentasunak’ izango da ekitaldiaren izenburua eta Pilar Insausti kazetariak gidatuko du elkarrizketa. Igande honetan EAJko buru aukeratuko dute eta asteartean bertan Tolosan izango da bere erreflexioen eta datozen urteetako nondik norakoen berri ematen. Aukera ederra izango da. Zentzu honetan joango dira hurrengo ekimenak ere. Uda aurretik besteren bat antolatzen saiatuko gara”, azaldu du Jokin Bildarratzek.