Katalunian izan dira Loatzoko kideak

Ainhoa Gil 2025ko api. 5a, 07:00

Josu Otermin, Iraia Otxoa eta Txomin Urdanpilleta, Vilafrancan izan ziren Loatzoko hiru kide. aiurri

Loatzo Musika Eskolako kideek esperientzia berezia bizitu zuten martxoa amaieran; Vilafranca de Penedes-en izan ziren, bertako musika eskolarekin elkartrukean. Azaroan, Euskal Herrira gerturatuko dira kataluniarrak. Loatzoko kideek eman dituzten bidaiaren inguruko xehetasunak.

Maletak eta musika tresnak autobusean sartu, eta Kataluniarako bidea hartu zuten Loatzo Musika Eskolako berrogeita hamar kidek, martxoa amaieran. Duela zenbait urte hasi zuten Vilafranca del Penedes herriko musika eskolarekin elkartrukea eta, pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, aurten berreskuratu egin dute ekimena. Guztiz asebeteta itzuli dira bidaiatik, musika eta kultura elkarbanatuta.

Loatzo Musika Eskolak heldu zion elkartrukearen bideari. Kataluniako musika eskolen elkartearekin harremanetan jarri, eta proposamena luzatu zuten. Vilafranca del Penedeseko musika eskolak onartu zuen erronka, eta horrelaxe abiatu zuten bidea. "Berehala harreman polita sortu zen eta trukeekin hasi ginen. Zenbait urtetan egin izan dugu bidaia. Gu  Vilafrancara joaten gara eta haiek hona gerturatzen dira. Pandemiak etena ekarri zuen, baina aurten berreskuratu egin dugu", azaldu du Ixak Oiartzabal irakasleak. 

Musikari jantziak

Gustora etorri dira Loatzoko kideak. Oiartzabalek azaldu duenez, "Ondo baino hobeto joan da. Haiek musikari gisa oso jantziak dira eta gainera  izugarri jatorrak dira. Oso ondo zaintzen gaituzte beti eta oso bidaia aberasgarriak izaten dira", azpimarratu du. Bertako familien etxeetan pasa dituzte gauak ikasleek eta, "azaroan haiek etortzen direnean gure ikasleen etxeetan egingo dute lo". 

Egitarau betea

Ekintza ezberdinetan parte hartu dute Loatzoko kideek. "Iritsi eta berehala harrera egin ziguten hango musika eskolan. Hurrengo egunean udaletxean izan ginen eta han harrera instituzionala eskaini ziguten. Ondoren, bertako institutu eta ikastetxetan barrena ibili ginen, kontzertuak eskaintzen. Larunbatean, kalejira, kontzertua eta festa egin genituen. Bertakoekin batera afaldu genuen eta, ondoren, musikarekin eman genion jarraipena festari. Oso giro ederra sortu zen". 

Ikasleak

Josu Otermin, Iraia Otxoa eta Txomin Urdanpilleta Loatzoko bandako kide dira eta Vilafrancako bidaian parte hartu zuten. Txomin Urdanpilletak errepikatu egin du esperientzia: "Bigarren aldia nuen aurtengoa. Ikaragarri ondo hartzen gaituzte han. Euren kultura guri erakusteko ahalegina egiten dute; castellersak, dantza, musika... eta gurea ezagutzeko interesa ere jartzen dute. Oso harreman polita egin dugu eta, udan hara joateko plana ere egiten ari gara". Josu Oterminek lehen aldia zuen Vilafrancan, "eta ederra izan da. Musika jo eta jendea ezagutzeko aukera eskaini digu. Astez aste entseguetara etortzen naiz, baina etxean ez diot denbora gehiegirik eskaintzen. Vilafrancako bidaia aitzakia ederra izan da; errutinatik atera eta esperientzia berria bizitzeko". 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 668 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!