Bertan ospatu zen 1967an Uztapide eta Xalbador bertsolarien arteko final mitikoa; 1970eko Pilotako Munduko txapelketan, bere buruari su eman eta Franco diktadorearen gainera bota zen Joseba Elosegi; edota 1976an frankismoaren ondoren baimendutako lehen hitzaldi masiboa eman zuen Xabier Arzalluzek. Ziurrenik ez da Bastero, Kursaal edota BEC bezain "modernoa", baina, "vintage" izanda ere, Euskaldunon iruditeria emozionalean balio berezia dauka Atanok.
Asteburu honetan pilotalekuan gertatutakoa gure aberriaren etorkizuneko bide orria finkatzeko ariketa kolektiboa izan da. Egonezinaren eta atxikimendu faltaren garaiotan, PNVk eraberritzeko erabakia hartu du, ordezkatzen dugun komunitatean dugun konfiantzatik abiatuta. Herri hau gidatzen jarraitu nahi dugu, militantzian oinarrituta.
Estebanek hiru balio eskatu zizkien alderdikideei: batasuna, eredugarritasuna eta apaltasuna. Balio horiek ez dira sinbolo hutsak, etorkizuneko ibilbidearen mapa marraztuko duten oinarri sendoak baizik. Tradizioari eta nortasunari errotuta, baina begirada ireki batekin. Laburrean, "ez da abertzaleagoa gehien oihukatzen duena, gehien egiten duena baizik", Arzalluzen hitzak gogorarazi zituen Estebanek.
PNVk bide luze eta emankorra egina du dagoeneko –gaur egungo autogobernua eta erakundetze sistema, kontzertu ekonomikoa, edota egitura sozioekonomiko sendoa–, baina erronka berriak ate joka dira. Trump edo Txinak baldintzatutako mundu aldakorrean, gure tokia aldarrikatu behar dugu: Europako nazioa gara, eta gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu.
Aurrera egiteko, barne batasuna, gizartearen konfiantza eta ekintza politiko eraginkorra uztartu beharko ditugu. Eta, nola ez, herri honek hain maite dituen pilota partidetan bezalaxe, tantoz tanto, etorkizuna eraikitzen jarraituko dugu. Frontoira neguko jertse lodiarekin joan ginenok, ez genuen asmatu. Emozioen partida izan baitzen jokatutakoa, eta berotasuna nabarmena.
Andoainen, Euskadiko beste txoko askotan bezala, badakigu komunitatea eraikiz soilik egingo diogula aurre etorkizuneko erronkei. Horregatik, izan da IX. Batzar Nagusia mugarri: bai alderdiko militanteontzat, baina, baita gure balioak partekatzen dituzten andoaindar guztientzat ere. Izan ere, Batzokiko ateak zabalik ditugu. Zurekin, auzokoekin eta herritarrekin aro berri honi ekiteko. Gogoratu, partidak 22ra arte jokatu behar direla.