Bi alorretan sakondu nahi da aurten. Batetik, LORPEN, lan-merkatuan zuzenean sartzeko banakako ibilbidea. Lanpostua berehala lortzeko gaitasun nahikoa erakusteko gai diren pertsonei zuzenduta dago. Bestetik, OSATU, talde-saioak dira lan-merkatuan eskatzen diren trebetasunak lortzeko eta ibilbidea enpresako praktikekin osatzen da. Taldeko ekimenean parte hartzeko deialdia ireki du mankomunitateak eta interesa duenak apirilaren 22ra arte eman dezake izena.
Langabezian Dauden Pertsona Kualifikatuei Zuzendua
HAZILAN+ laneratzeko proiektu bat da, langabezian dauden pertsona kualifikatuei zuzendua adina kontuan hartu gabe. Prestakuntza izan arren, kolektibo horrek zailtasun bereziak izan ditzake lan-merkatuan sartzeko, bai esperientzia ezagatik, batez ere berriki amaitutako ikasketak dituzten pertsonen kasuan, edota bai gaur egun enpresek eskatzen dituzten zeharkako gaitasun eta trebetasunik ezagatik. Beraz, langabezian dauden, edota titulua lortu berri duten pertsonei (erdi-mailako eta goi-mailako LH, unibertsitate-gradua edo unibertsitate-ondokoa dutenei), aurretiko lan-esperientziarik edo lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez dutenei zuzendua dago. Programak arreta berezia jartzen du, halaber, geldialdi baten ondoren lan-merkatura itzuli nahi duten emakumeengan, kasu gehienetan zainketa lanetan egon direlako.
Interesa duen orok, informazio gehiago eska dezake enplegua@beterriburuntza.eus helbidera idatzita.