Arazoaren jatorria Espainiako futbol liga kudeatzen duen LaLiga elkarteak hartutako neurri judizial batean dago. Zuzeneko partiduen erretransmisio piratak ekidin eta bere etekin ekonomikoak babesteko, LaLigak bere esku duen ebazpen judizial bat exekutatzeko eskatu du otsaila hasieran. Ebazpen horren arabera, internet hornitzaileak behartuta daude Ligako partida bat dagoen bakoitzean IP edo helbide tarte zabal bat blokeatzera, partiden baimenik gabeko erretransmisioak eragozteko.
Helbide horien artean daude hainbat eta hainbat webguneri zerbitzua ematen dien Cloudflare zerbitzuak erabiltzen dituenak. Hala, futboleko enpresa handien mozkinak babesteko, Espainia osoan 160.000 webgune inguru kaltetzen ditu blokeoak, futbolarekin eta eduki piratekin zerikusirik izan zein ez. Kaltetutako webgune horien artean daude TOKIKOMeko guztiak, AIURRI barne, eta Berria.eus edo Egunean Behin aplikazioa bezalako beste zerbitzu batzuk. Cloudflare enpresak epaitegietara eraman du LaLigaren jokaera, “gehiegizkoa eta zentzugabea” delakoan.
AIURRIk barkamena eskatu nahi dizue blokeoa pairatzen ari zareten erabiltzaile guztioi. TOKIKOMeko eta Plataformaren zerbitzua mantentzen duen CodeSyntax enpresako talde teknikoak lanean ari dira arazoari aurre egiteko, baina ez dago alternatiba tekniko askorik ebazpen judiziala aldatzen ez den bitartean. Bien bitartean, arazoa duzuen erabiltzaileok VPN zerbitzuren bat erabil dezakezue, zuen konexioa Espainiar Estatutik kanpokoa dela simulatzeko.