Adierazpena: Euskal Herria Batera
"Aberri Eguna ospatzea ezinbestekoa da guretzat, nazio baten parte izatearen harrotasuna eta ospakizun eguna. Aberri Eguna nazioa garela ospatzeko eguna da beste ezeren gainetik. Euskal nazioa badela adierazteko eguna.
Modu bateratuan antolatzea ezinbestekoa da guretzat. Batera ospatzearen garrantzia.
Batera ezberdinen artean.
Batera lurraldeen artean.
Batera herri gisa etorkizuneko erronkei aurre egiten.
Batera herri-eraikuntzan, instituzioetan eta herrigintzan dihardugun askotarikoen artean. Ikuspegi horretatik, dei egiten diegu Euskal Herria aintzat hartzen duten eragile guztiei eta herrigintzan aktibo direnei, pozez eta ilusioz gonbidatuko ditugun horiei, gure ekitaldira etor daitezen eta batera ospa dezagun.
Izan ere, ekitaldi honek mezu bat igorriko die euskal gizarteari eta munduari: hemen bada herri bat, askotariko ezberdintasunekin, bere nortasunarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi duena. BAGARA ETA IZAN NAHI DUGU. Europan nazioen erabakitzeko eskubidea eztabaidagai den honetan, are garrantzia handiagoa du gu ere munduaren aurrean baden eta izan nahi duen nazio gisa azaltzeak.
Etortzeak berak beste mezu bat hedatuko du: garena ospatzea eta izan nahi duguna aldarrikatzea. Aberri Eguna denona da eta denok ospatu behar dugu. Aberri Eguna euskal gizartearena da. Dei egiten dugu Aberri Egunari dagokion garrantzia eta instituzionalizazio-maila eman dakion eta baldintzak sor daitezen ospakizuna zabaltzeko eta batera ospatzeko.
Agur bero bat eta mezu bat konpartitu nahi dugu zortzigarren herrialdeko euskal komunitateko kideekin, Euskal Diasporakoekin. Egoera desberdinetan eta Euskal Herritik kanpo egon arren, askok Euskal komunitatearen bateratasunean partaide sentitu nahi dute, beste euskaldunekin lotura eduki.
Aberri Eguna norberak bere inguru edo komunitatekoekin zerbait ospatzeko aukera bat da, baina, aldi berean, beste euskaldunekin konektatzeko bidea, zerbait handiagoaren parte sentituz. Bihoakie gure aitortza".