19 urtez Andoaingo San Martin parrokian erretorea izan eta gero erretiroa hartu zuen Iñaki Zabaleta Galarragak. Askoren artean Elizaren premiazko modernizazio-prozesua hizpide izan zuen.
Elizak ikusiko du, bada, baduela modernizatzeko eta gizarteak eskatzen dituen testuingurura egokitzeko premia.
Argi dago Eliza Katolikoak krisialdia bizi duela, eta zaharberritze baten premia daukala, zalantzarik gabe. Beste modu batera antolatu beharra dauka, baina gertatzen zaio egundoko egitura duen instituzioa dela, “elefante galanta” dela, eta bere denbora behar duela mugitzeko, lehen pausoa emateko, eta zer esanik, bigarrengo bat. Egin kontu Eliza Katolikoa mundu guztian zabalduta dagoela, eta ez dela gauza bera Asiako, Ameriketako edo Europako Eliza, esate batera.
“Eliza soziologikoa” izatetik “eliza pertsonala” izatera igaro behar du Eliza Katolikoak, eta esango nuke murgilduta dagoela prozesu eraldatzaile horretan, poliki-poliki; Aita Santua bide horretatik doa. Jakinda, noski, krisialdiak mingarriak izaten direla, etorkizuna ere ez baita garbi ikusten halakoetan, eta, gainera, giza kolektibo guztien antzera, gurean ere bai baitira aldaketekiko jarrera ezkorrak agertzen dituzten indar kontserbadoreak. Esanak esan, krisialdiak berez ez dira kaltegarriak. Ni erabat baikorra naiz; pastoralean egin nuen formakuntzak laguntzen dit begiratu zabala edukitzen eta prozesuarekiko itxaropena edukitzen.