"Bidea egiten ari gara, Naizen osatzen dugun familia guztiei esker"

Aiurri 2025ko api. 29a, 09:00

Asier Mariezkurrena andoaindarra. Aiurri

Lehen Nazioarteko Biltzarra antolatu du Naizen elkarteak, begirada haur zein gazte diren trans pertsonetan ipinita. Erakunde askoren babesarekin antolatu dute egitaraua. Asier Mariezkurrena andoaindarra Naizen elkarteko kide da:

Begirada nazioartera zabaldu nahi du Naizenek, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoa eta Nafarroako adin txikiko trans pertsonen familiak biltzen dituen elkarteak: “Ulertu, lagundu ahal izateko” lelopean, Nazioarteko Biltzarra antolatu du, maiatzaren 5erako eta 6rako, Bilbon. Bertan, etxeko nahiz nazioarteko ahots adituek hartuko dute hitza, haur zein gazte diren trans pertsonen errealitateari askotariko diziplinetatik eusteko. Naizeneko kide da Andoaingo Asier Mariezkurrena: orain dela zortzi urte lur hartu zuen bere familiak elkartean, Iker semearen eskutik. 

Hemen da Naizenek antolatutako lehen Nazioarteko Kongresua, hain justu ere, elkartearen hamargarren urteurrenean. Zerk bultzatu zaituzte horrelako tamainako hitzordu bat antolatzera?

Hamarkada bateko ibilbide honetan, askotariko bizipenak eta esperientziak izan ditugu eta aurrerapen asko egon dira alor ezberdinetan. Alabaina, garaiotan, jendartean, haur eta gazteen transexualitatearen gainean zabaltzen ari den polemikari zein oldarraldiari eta azkenaldian ematen ari diren atzerapausuei ezagutzaren bitartez erantzuteko helburuarekin antolatu dugu hitzordua, eta, bertan, ikuspuntu ezberdinak jarriko dira mahai gainean. Bada, nolabait, urte horiek guztiak biribiltzeko biltzarra izango da, orain artean egindako aurrerapen guztietan atzera egin ez dezagun.

Antolakuntzan, bost kide egon dira buru-belarri batzorde zientifikoan lanean eta beste hiru kide antolaketa-batzordean daude. Hilabeteak daramatzate prestakuntzan, ordu asko sartuta: lan potoloa dago eginda atzetik, estatutik eta nazioartetik baitator jendea, alor ezberdinetan espezializatutakoa. Ez gaude ohituta horrelako zerbait antolatzen eta ahalik eta hobekien egiten saiatuko gara, jendearentzat erosoa izan dadin.

“Ulertu, lagundu ahal izateko” da hitzorduaren leloa. Hori bera izan zen jaso zenuten lehen aholkua, zalantza askori azalpena emateko asmoz, Naizen elkartera jo zenutenean, 2016an: entzun, ulertu eta prozesuan bidelagun izan. 

2016 urtean, gure prozesua, etxeko bizipena hasi genuenean, erabat galduta ginen, inolako informaziorik gabe. Zaila izan zen, beste eskema batean hezi izan gaituzte-eta, bat-batean, dator zure hiru urteko semea eskema horiek apurtzen eta ulertzen ez duzun hori esaten. Chrysallis Euskal Herria (gaur egungo Naizen) elkartearekin kontaktuan jarri ginen eta bertan esan ziguten gure lana guraso gisa zela entzutea eta bere prozesua jarraitzea, berak erakutsiko zigula bidea. Ikusi genuen errealitate hori existitzen dela, beste familia asko ezagutzearekin batera.

Garai hartan, erabat galduta ginen momentu horietan, argigarria izan zen guretzat elkartea: “Geure haurraren bidea jarraituko dugu, gu hor egongo gara”. Zortzi urte beranduago, esan genezake bidea erabat erakutsi digula, bere osotasunean. Ikasketa handia izan da. Gainera, denbora-tarte honetan beste bizipen batzuk ezagutzeko aukera eduki dugu: garai batean 40 bat familik osatzen genuen taldean orain 300 pasatxo gara. Esperientzia handia irabazi dugu, eta bizipen zailak eta tristeak ere egon dira, tartean. Kontuan eduki behar dugu heldu izan aurretik trans pertsona guztiek eduki dutela haurtzaroa eta nerabezaroa, horietako asko oso bizipen gogorrekin. Eta, hain zuzen, guk ez dugu gure seme-alabek haurtzaro eta gaztaro krudela bizitzerik nahi. Horietatik guztietatik ikasteko aukera eduki dugu. Bidea egiten ari gara Naizen osatzen dugun familia guztiei esker. 

Sorrerako urteetan sartu zineten zuek elkartean. Harrezkero, aipatu duzun moduan, nabarmen hazi da familia. Afera pixkanaka dagokion tokia hartzen ari denaren seinale?

Jendarte gisa, bilakaera izan dugu, askotariko alorretan: hezkuntzan, osasun-arretan... Baina, era berean, badirudi, orain, atzera pausoak datozela, gezur eta bulo asko tartean,  eta geroz eta gehiago zabaltzen ari diren gorroto diskurtsoekin. Gure haurrak norbaiti kalte egiten al dio den bezala izateagatik? Trans pertsonen aurkakoak izan dira, adibidez, Donald Trumpek, presidentetzan sartu bezala, egin dituen lehen legeak. Erresuma Batuan erabateko oldarraldi politikoa ematen ari da…

Bada, adin txikiko pertsona transen errealitateaz hausnartzeko, bi eguneko egitaraua antolatu duzue auziari askotariko diziplinetatik erreparatuta: hezkuntza, osasun-arreta, endokrinologia, soziologia… 

Hori da, askotariko alorretako adituak ekartzea izan da asmoa, ikuspuntu ezberdinak, bere horretan, landu ahal izateko kongresuan, programa oparoarekin. Etortzen den jendeari behar adinako informazioa zein aholkularitza eman nahi diogu, ezagutza eta ebidentzia zientifikoak oinarri hartuta. 

Bidea ez da erraza, badirudi dena egina dugula eta hori ez da horrela. Egunerokoan, bada aldeko jendea, baina baita bidea oztopoz betetzen saiatzen denik ere. Gure familian oparoa izan da prozesua urte hauetan guztietan, ez baitugu inolako traba nabarmenik eduki. Andoainen, gure inguruko sareetan, errespetua eta ulermena erabatekoak izan dira. Oso pozik gaude, gure semeak orain arte traba gutxirekin egin duelako topo. Dena dela, beste familia batzuen bizipenetan, ez dago horrelakorik, bullyinga eta transfobia medio. 

Joateko interesa duenak nola egin behar du izen-ematea? 

Izen-ematea abenduan ireki genuen eta dagoeneko edukiera beteta dago, baina itxaron zerrendan izena ematerik badago. Informazio guztia www.naizeninternationalconference.com orrialdean dago.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 669 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!