30 urte bete ditu Tolosaldea Garatzen garapen agentziak

Aiurri 2025ko api. 29a, 11:33

Lehiberri zentroan ospatu zuten atzo, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren 30. urteurrena. Tolosaldeako 28 herrietako udal ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundia nahiz Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta eskualdeko enpresa zen gizarte eragileak gerturatu ziren ekitaldira.

“Tolosaldea elkarlanean hazten da” lelopean, ehun lagun inguru bildu ziren ekitaldian, eskualdeko 28 udaletako udal ordezkarien, enpresen, gizarte eragileen eta herritarren artean.
Ekitaldiari hasiera emateko, 28 udalerrietako ordezkari politikoek elkarrekin argazki instituzionala atera zuten, lehen aldiz modu bateratuan. Keinu sinboliko horren bidez azken hiru hamarkadetan Tolosaldea Garatzenek izan duen konpromiso kolektiboa eta udal guztien arteko elkarlanaren balioa irudikatu nahi izan zituzten.
Argazkiaren ostean, bertaratutakoek auditorioan hartu zuten lekua, eta han ospatu zen ekitaldi nagusia. Ongietorria Andu Martínez de Rituertok egin zuen, Tolosaldea Garatzeneko Lehendakariak. Bere hitzaldian adierazi zuenez, ospakizuna aukera aparta izan da Tolosaldeko udalerri, enpresa, gizarte-eragile eta herritarren artean azken 30 urteotan egin den elkarlanari balioa emateko. Martinez de Rituertok nabarmendu zuen proiektuaren jatorrian helburu argi bat izan zutela: eskualdearen garapena bultzatzea, garapen ekonomikoa eta gizarte kohesioa uztartuz. Urte hauetan guztietan lortutako arrakastaren gakoa, haren esanetan, elkarlanean datza, eta gaur egun ere konpromiso hori bizirik mantentzen da. Era berean, azpimarratu zuen Tolosaldea Garatzenek bultzatu dituen ekimenen artean enplegua, ekintzailetza, turismoa eta gizarte-kohesioa ardatz izan direla, eta aurrera begira ere, erronka berriei –hala nola trantsizio ekologikoa, digitalizazioa eta belaunaldien arteko erreleboa– elkarlanaren bidez helduko zaiela. Azkenik, eskerrak eman zizkien eskualdeko 28 udalerriei, enpresei, gizarte eragileei eta herritarrei urte hauetan guztietan egindako ahaleginagatik eta lankidetzagatik.
Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Diputatu Unai Anduezak hartu zuen hitza. Bere interbentzioan, Tolosaldea Garatzenen lana eta tokiko garapenerako duen eginkizun estrategikoa nabarmendu zituen, eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen eskualdearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
Foru Aldundiaren ordezkaritzan ere, Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasuneko Diputatua bertaratu zen ekitaldira.

Bi mahai-inguru ere egin ziren, eskualdeko garapenaren ikuspegi osatua eskaintzeko. Lehen mahaia ikuspegi ekonomikoari buruzkoa izan zen, eta Amaia Huerta enpresa arloko teknikariak gidatu zuen. Hauek izan ziren parte-hartzaileak:
● Andoni Isasti, Cadinoxeko zuzendaria (industria).
● Arantxa Oquiñena, Casa Eceizako zuzendaria (elikadura).
● Mattin Jauregi, Balerdipeko Erleak enpresako arduraduna (nekazaritzako elikagaien ekoizpena).
Hiru ordezkariek azpimarratu zuten berrikuntza sustatzearen, tokiko ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzearen eta lankidetza publiko-pribatu eraginkor baten beharra.


Bigarren solasaldia ikuspegi sozialetik bideratu zen, Leire Otaegi (Tolosaldea Garatzeneko enplegu saileko arduraduna) dinamizatzaile zela. Hiru hizlari aritu ziren gizarte-inklusioaren erronkak eta aukerak partekatzen:
● Ana Monje, Inmakulada Lanbide Ikastolako zuzendaria.
● Xabier Lekuona, Sutargi erakundeko pertsonen arduraduna.
● Hadji Ndene Diop, Booloo Senegaleko presidentea.


Haien ekarpenek nabarmendu zuten eskualde justu eta integratzaile bat eraikitzeko beharrezkoa dela eragile publiko eta komunitarioen arteko elkarlana. Hezkuntzatik eta laneratzetik abiatuta, tokian tokiko ekimenek aukera-berdintasuna bultzatzeko eta aniztasunari erantzun eraginkorra emateko duten garrantzia azpimarratu zuten.
Migratzaileei eta egoera ahulenean dauden herritarrei eskainitako arreta, jardunaren erdigunean jarri zuten.


Mahai-inguruen ostean, hitza hartu zuen Alfonso Gurpegik, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio Sailburuordeak. Bere interbentzioan, Tolosaldea Garatzenek enplegu aukerak zabaltzen, laneratze-prozesuak indartzen eta eskualdeko kolektibo zaurgarrien gizarteratzea bultzatzen egindako lana goraipatu zuen. Halaber, eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialerako lankidetza instituzionalaren garrantzia nabarmendu zuen, etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko premia azpimarratuz.


Itxiera ekitaldia Joxe Luis Urdangarin Tolosaldea Garatzeneko gerenteak egin zuen, eta ibilbide hau ahalbidetu duten eragile guztien inplikazioa eskertu zuen,  etorkizunera begira jarriz. “Erronka berriak ditugu aurrean: trantsizio ekologikoa, digitalizazioa, gizarte-kohesioa edo belaunaldien arteko erreleboa. Horiei aurre egiteko, aurten bertan hausnarketa estrategiko prozesu berri bati ekingo diogu, eskualdearen etorkizuna guztion artean eraikitzeko. Prest gaude erronka horiei heltzeko, beti bezala elkarlanetik, entzute aktibotik eta konpromiso partekatu batetik abiatuta,” adierazi zuen. Amaitzeko, eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei, urte hauetan guztietan erakutsitako babesa eta konpromisoa aitortuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!