Idazle, aktore, ekoizle... hamaika langintza egin ditu urteotan guztiotan, bereziki, Metrokoadroka konpainian. Aztia ikuskizunarekin Beterri-Aiztondon ariko da, hurrengo egunetan: maiatzaren 9an, Zizurkilen; eta hilaren 16an, Andoainen.
Aztia disko batetik abiatutako ikuskizuna da. Eta horren bidetik liburua ere bidean da. Azalduko zeniguke zer diren bata zein bestea?
Aztia, lehenik eta behin, disko bat da. Don Inorrezen bulkada bati erantzunez sortu dugun lana da. Gero etorri da emanaldia eta, antzerkilariak garenez, guretzat diskoa oinarri garrantzitsua da. Baina, lehenik eta behin, disko bat izan zen; taldearentzat berariaz idatzitakoa antzerki bakarrizketa batean oinarrituta. Aztitza, berriz, azken garaietan eta azken urteetan –batez ere, Mister Señora idatzi nuenetik– idatzitako hainbat testuen konpilazioa da. Hamaika idazlan dira guztira, tartean, liburua zabaltzen duen Aztia izenekoa.
Zure ibilbidean egindako antzezlan edo obra desberdinen konpilazio bat dela esan daiteke?
Bai. Ibilian asko idazten dugu, antzerkian gabiltzan heinean. Metrokoadroka gure talderako idatzitako testuak ohikoan idazketa kolektiboak izaten dira, baina batzuetan niri egokitzen zait beste era bateko lan batzuk egitea, pertsonalagoak. Liburu honek biltzen ditu idazketa mota horiek.
Bulkada hitza aipatu duzu elkarrizketaren hasieran. Bulkada batekin hasitakoa oholtzaraino eraman duzue.
Bulkadarena, akaso, Imanol Ubedak azaldu beharko luke nik baino hobeto. Nirekin harremanetan jarri zen Don Inorrez proiektuarentzat nahi zuela disko berri bat egin, ez zuen oso argi zein norabide hartu, zer kontatu eta nola. Berak proposatu zidan diskorako zeozer idaztea. Nik esan nion, letragintzan egin izan ditudala lanak, baina errespetu handia diodala letragintzari eta normalean kosta egiten zaidala. Bai, bera ari zen hain justu Mister Señora irakurtzen eta aipatu zidan liburuko pasarte batzuk oso musikagarriak iruditzen zitzaizkiola. Orduan esan nion, agian, idatz nezakeela antzerki bakarrizketa bat ideia horretatik abiatuta eta ea hortik kantuak ateratzeko gai izan zitezkeen. Eta horrela abiatu genuen prozesua. Idatzi nuen letrez, hitzez betetako paisaia oso zabal bat Aztia izena hartu zuena. Eta berak hortik kantak atera zituen. Niretzat izan zen zerbait magikoa ikustea nola halako ideia zabal batetik hasi ziren sortzen beste gauza batzuk.
Zure rola ez da batere ortodoxoa. Idazle, aktore, ekoizle irudikatzen zaitut. Ekilibrista bat! Gauza bera betiko moduan egitea ez duzu batere maite, ala esperientziak eraman zaitu horrela jokatzera?
Oarsoaldeko Mikelazulotik nator. Hura bazen laborategi etengabe bat eta sorkuntzaren munduan murgildu ginenean jarduna oso interdiziplinarra zen. Eskola bat izan zen guretzat eta han naturalena zen beste diziplina batzurekin elkarlanean gauzak egitea. Eta taldean. Nahiz eta nire oinarria idazketa izan. Urteekin, antzerkigintzan gero eta gehiago murgildu ahala, ikasten duzu apur bat denetik egiten. Urteak aurrera egin ahala, joan gara gure lekua topatzen. Azken garaiotan geroz eta gehiago itzalean geratu naiz, azpiko lanetan. Produkzioa gauza asko dira. Ez da bakarrik proiektuak aurrera ateratzea. Bada ere, talde giroa zaintzea, sinergiak lantzea eta idazketa. Baina idazketa bada dramaturgia, mugimendua lantzea... idazketa, antzerkian, oso kontzeptu zabala da.
Liburuaren pieza ezberdinetan begirada zorrotz, kritiko eta autokritiko bat antzeman dute liburuaren editoreek. Aztian osagai horiek agerikoak dira.
Bai. Nire idazteko moduan, tonu aldetik denetik dagoen arren, umore asko dago. Eta umorea sekulako tresna da nire kezkei eta kezka sozialei buruz hitz egiteko. Iruditzen zait, batzuetan, umoreak zenbait gai lantzeko zubiak eraikitzen dituela. Umoreak gerturatzen zaitu pertsonengana, entzuleengana, irakurleengana. Eta ez da erraza izaten, iruditzen zait batzuetan umorea apur bat mesfidantzaz begiratzen dugula, hutsala izango balitz bezala edo gai batzuei garrantzia kenduko balie bezala baina nik uste dut batzuetan kontrakoa dela. Begirada zabaltzea ahalbidetzen du jendartean dauden kezkak lantzeko. Elementu horri asko erreparatzen diot. Bufoiak bere burua jartzen du erdigunean. Badaki makilkadak jasoko dituela eta bere buruaz barre egiten du, hasteko eta behin. Bufoiarena ez da bakarrik teknika bat, jarrera bat baizik. Oso gustuko dut hori. Landu izan dugu, fisikoki, badelako antzerki teknika bat, baina bada filosofia bat ere.
Zentzu horretan, autokritiko izatea ezinbestekoa iruditzen zait kritikoa izatera iritsi ahal izateko.
Aztia ikuskizunaz ezin gehiegi aurreratu. Onena Zizurkilgo eta Andoaingo saioetara bertaratzea da.
Emanaldi berezi samarra da, ez da erraza azaltzen. Musika, antzerkia, bakarrizketa... emanaldi hibridoa da eta konplizitatea sortzen da ikuslegoarekin.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 670 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.