Ostegunean manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Palestinaren aldeko elkarteek

Aiurri 2025ko mai. 13a, 18:18

Palestinarekin elkartasuna sustatzen ari diren Buruntzaldeko taldeek Andoainen manifestatzeko deia egin dute, ostegunerako. Kale protesta Goikoplazatik arratsaldeko 19:00etan abiatuko da.

Nakba Hondamendiaren Egunaren 77. urteurrena (1948-2025) betetzen dela gogoratuko dute mundu guztian ostegunean. “Palestinako herriak 77 urte daramatza okupaziopean, desplazamenduekin, jazarpenarekin eta biztanleriaren hilketa sistematikoarekin” antolatzaileen esanetan, eta horrexegatik, protesta eguna izango da han hemen.

Andoainen Buruntzalde mailako manifestazioa antolatu dute, esan bezala.

SAPA enpresarekiko aipamen esplizitoa

Manifestaziorako deia egiteko antolatzaileek zabaldu duten kartelean, tanke israeldar baten irudiaren ondoan, “SAPA Israelen hornitzailea” leloa idatzi dute. 

 

Delas zentroaren txostenak aipagai

Armagintzaren sektorean lan egiten duen SAPAk Israelekin eduki ditzakeen harreman komertzialen gainean, aipamen laburra egin du Bakea, segurtasuna, defentsa eta armamentismoa aztertzen dituen Delas zentro independenteak berriki argitaratu duen txostenak.

Zehazki, Espainiako enpresek Israelgo produktuei egindako esleipenak aipatzen ditu, eta horretarako teknologia transferitzeko akordioak garatzen dituztela azpimarratzen du. Txostenaren atal horretan, honako pasartea irakur liteke: “Espainiaren eta Israelen arteko defentsa-lankidetza industriala estentsiboa da, eta zabaltzen da Espainiako instituzioek Israelgo enpresei esleitzen dizkieten kontratuetara. 8x8 “Dragoia” konbate-ibilgailu blindatua, adibidez, “espainiar” produktu bat da, Escribano M & E, Indra, Santa Bárbara Sistemas eta Sapa Placenciak egiten dute, eta Israelgo lau defentsa-enpresa israeldarren (Elbit, Rafael, Plasan eta Pearson) zazpi produktu ditu gutxienez”.

Gobernuaren esanak gezurtatzen

Espainiako politikagintzan egunotan hautsak harrotu dituen txosten horren arabera, ez da egia Sanchezen gobernuak adierazi duena, alegia 2023ko urriaren 7tik Israelekin ez dagoela inolako harreman ekonomiko-militarrik. Kontrara, txostenak ziurtatzen du Espainiako enpresek biderkatu egin dutela herrialde horretara esportatzeko lizentzien eskaera.

Txostenak adierazitakoaren arabera, Netanyahuren Gobernuak Espainiari egindako arma-erosketak Espainiako Gobernuak Data Comex-en (Espainiako eta EBko ondasunen kanpo-merkataritzaren estatistiken ataria) bidez adierazten duena baino bost aldiz gehiago dira.

Horrela, ministerio guztien informazioa jasotzen duen Israelgo gobernuaren datu-baseen webgunearen arabera, 2023ko urriaren 7tik 2025eko martxora bitarte, Israelek 5,3 milioi euroko inportazioak egin zituen Espainiatik (88 bidalketatan); hain zuzen, 93 kodeari dagozkion armak eta munizioak.

Sanchezek Madrilgo Kongresuan maiatzaren 6an egindako agerraldian adierazi zuen "zehaztugabeak" direla Celas zentroak argitaratu dituen datuak. Espainiak Israeldik datorren armamenturik edo muniziorik ez erosteko eta ez saltzeko konpromisoa betetzen ari dela errepikatu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!