Francesco Tonucci pedagogo italiarraren bisita, Zizurkilera

Aiurri 2025ko mai. 14a, 12:26

Francesco Tonucci pedagogo italiarrak egonaldia egingo du Tolosaldean maiatzaren 15etik 17ra. Abaltzisketako Txalburu eta Zizurkilgo Mendigain herri eskoletara bisitak egin, eta barne formazioa eskaintzeaz gain, larunbatean, maiatzaren 17an, saio berezia egingo dute Mendigain eskolan 10:30etik 12:30era. Tonucci bertan izango da eta hitzordua baliatuko dute Elena Laiz Sasiainek argitaratutako 100 lengoaia, 11 esperientzia liburua aurkezteko.

Bihar, maiatzak 15, Beste eskola ba beharrezkoa da. Beste eskola bat posible da hitzaldia eskainiko du Abaltzisketako Goibegi aretoan, ostegunean, 18:00etatik aurrera.

Tonucci psikopedagogo italiarrak egindako proposamenari heldu eta duela 11 ikasturte eraldaketa prozesua abiatu zuten Abaltzisketako Txalburu eta Zizurkilgo Mendigain herri eskoletan. 100 lengoaia, 11 esperientzia deitutako proiektuari hasiera eman zioten eta urte hauetan aldaketa filosofiko, metodologiko eta pedagogikoa bizi izan dute bertako maisu-maistrek, ikasleek, familiek eta herriek.

Eskualdeko bi eskolek bidelagun izan dute Tonucci urte hauetan guztietan. Hiru aldiz izan dute aurre aurre harekin egoteko aukera eta birtualki formazioak eta aholkuak jaso izan dituzte haren eskutik: «Ezinbesteko bidelagun izan dugu eta badakigu gure berri ematen duela munduan zehar. Guretzat ohore bat da Escuelas de la convencion (de los derechos de la infancia) sareko kide izatea», aipatu dute bi eskoletako irakasleek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!