Basque Culinary Centerrentzat badela dirua baina Tolosaldeko ospitale publikoarentzat ez salatu dute Grosen

aiurri 2025ko mai. 23a, 08:57

Groseko anbulatorioaren atarian eta Basque Culinary Centerren obrak aurrean zituztela elkarretaratu ziren hainbat lagun, atzo. “Grosen, lau urtetan, Basque Culinary Center eraiki dute, interes pribatuko muntaia bat, eta Tolosaldean 14 urte daramatzagu borrokan eskualdeko ospitale publikoaren alde”, adierazi zuten haserre, elkarretaratutakoek.

Hona irakurri zuten adierazpena, elkarretaratzean:

“Gros auzoko Basque Culinary Center berria zentro pribatu bat da, diru publikoarekin lagundua, eta 24 milioi (Jaurlaritzak 18 milioi, Aldundiak 6 milioi) euro kostatu zaigu. Bestalde, erabilera sozialerako lursail bat esku pribatuetara pasa da lau urtetan, erabilera sozialeko lur eremu bat enpresa bati eman zaio 75 urtetarako, horretarako borondate politiko argia zegoelako.

Aurrera egin dute, nahiz eta Groseko eta Uliako auzotarrak aurka agertu. Tolosaldean 14 urte daramatzagu borrokan eskualdeko ospitale publiko baten alde, baina oraindik ez dakigu zein den Tolosaldeko osasun plan orokorra. Zer borondate politiko dago Tolosaldeari begira? Gainera, Osasun Sailak zor historiko bat du gure eskualdearekin, izan ere, 12 milioi gutxiago iritsi dira urtero beste eskualdeekin konparatuta, guztira, gure kalkuluen arabera, 236 milioi gutxiago. Zertarako nahi ditugu gure zergak? Enpresari gutxi batzuk aberasteko proiektu pribatuetan erabiltzeko edo behar oinarrizko bat betetzeko, adibidez, herritar guztion mesederako den osasun publikoan erabiltzeko?

Osasun publikoa lehentasuna da herritarrentzat, beraz, defenda dezagun!”.

 

Salaketa, bertsotara eramanda 

Bi bertso ere abestu zituen elkarretaratutakoek:

Minaren kontra azkar behar da

jaso diagnostikoa

ta artatzea, izan Tolosa

edota Donostiakoa,

baina joera bat ageri da,

ez da anekdotikoa,

ta garaia da azal dezagun

barne-indar kritikoa,

larrialdian dagoelako

gure osasun publikoa

 

Zeren pertsonak ez gara soilik

bi poltsiko dituztenak,

zenbakietan neurtzen al dira

galerak eta lorpenak,

Basque Culinary ta Jaurlaritza eta izen-abizenak.

Garbi ditugu gure helburu

eta aldarrikapenak,

badaude gauzak diruarekin

ordain ezin daitezkeenak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!