Eskualdeko korrikalariak, Zegama-Aizkorri mendi-lasterketan

Aiurri 2025ko mai. 26a, 11:51

Eguraldia lagun, zita berezia izan zuten atzo Aizkorriren magalean mendizaleek: Zegama-Aizkorri lasterketa ezagunaren 24. edizioa izan zen eta, urtero legez, eskualdeko kideak ere baziren korrikalarien artean. (Irudiak: Mikel Arberas Audikana)

Goizean goizetik, festa erraldoia bihurtu zen hitzordua. 09:00etan ekin zioten 42,2 kilometroko ibilbideari, Zegamatik bertatik. Hala, etxeko zein nazioarteko ehunka eta ehunka korrikalarik hartu zuten parte. Bada, oparoa izan zen eguna Euskal Herriko korrikalarientzat, izan ere, Sara Alonso donostiarrak irabazi zuen txapela, 04:27:25eko denboran helmugaratuta. Haren atzetik ailegatu zen Judith Wyder suitzarra (04:29:47). Azken urteetan sona irabazi duen oñatiarrarentzat izan zen hirugarren postua, Malen Osarentzat (04:31:18). Sustraiak Debagoienan baditu ere, harreman estua du Andoain herriarekin, bertakoa baitzuen ama, Gurutze Ansa, joan den urtean zendua. 

Gizonezkoen sailkapenari dagokionez, nazioarteko izenak nagusitu dira aurtengo edizioan: Elhousine Elazzaoui marokoarra izan zen azkarrena lasterketaldia bukatzen iristen (03:43:28); zapore gozoz hartu zuen garaipena, aurreko edizioetan txapeletik oso gertu ibili izan baita. Hari segika helmugaratu zen Andreu Blanes valentziarra (03:50:53), baita hirugarren sailkatua ere, Daniel Pattis italiarra (03:51:40).

Beterri-Aiztondoko korrikalariak

Zegama-Aizkorri lasterketa ondo baino hobeto ezagutzen dute eskualdeko korrikalariek, horietako asko urtez urte, hutsik egin gabe izan baitira kirol-erronkan. Beste batzuentzat, ordea, berria da maratoia; dena dela, gozatu ederra hartu zuten guztiek, bertara gerturatutako zaleen eskutik. Ezagutu eskualdeko lasterkarien markak:

Aduna
Mikel Elola Ezeiza (VET M  - 05:46:04).

Amasa-Villabona
Hassan Ait Chaou (VET M - 04:38:32).

Andoain
Asier Rajado Barberena (SEN M - 04:29:50).
Oier Eskudero Mendizabal (SEN M - 04:50:17).

Asteasu
Urko Arizeta Legarra (SEN M - 04:26:50).
Eneko Larrañaga (SEN M - 05:26:06).
Eneko Sarasola Aguirre (SEN M - 05:27:32).

Urnieta
Mikel Legarreta Astiasaran (VET M  - 05:25:32).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!