Udalbatzak Axeri Dantzaren aldeko adierazpena onartu du, babestu beharreko kultur ondaretzat jo eta gero

aiurri 2025ko mai. 30a, 07:21

Axeri Dantzaren aldeko elkarteko zenbait kide, Udalak adierazpen instituzionala onetsi ostean

Andoaingo Udalak Axeri Dantzari aitortza egiten dion adierazpen instituzionala onetsi zuen atzo egindako udalbatzan. Besteak beste, Andoaingo Udalerriko Kultura Ondasun Immaterial gisa babesten dela adierazten da (ekitaldiaren bideoa, behean).

Axeri Dantzaren berreskurapenaren 50. urteurrena eta emakumearen sarreraren 25. urteurrena direla eta adostu dute Udaleko lau alderdiek sinbologia handia duen adierazpena.

Udalbatzan izan ziren Axeri Dantza Elkarteko hainbat kide, eta oso pozik agertu ziren. Guztien izenean, Izaskun Beraza axerien buruzagiak eskerrak eman zizkien udal ordezkariei, hartutako erabakiagatik. Antzeko adierazpena egin zuen joan den astean Adunako Udalak.

Andoaingo Udalak onartutako adierazpen instituzionala

Andoaingo tradizioaren eta nortasunaren esentzietako bat da Axeri Dantza. Irudikatzen gaitu, bizitzen dugu, dantzatzen dugu eta harekin gozatzen dugu. Dantza herrikoia eta pertsonen batasuna da. Gure udalerriko dantza bakarra eta esklusiboa ez den arren, bere berezitasunak, ezaugarriak eta singularitatea direla eta, kultur aktibo gisa, gure lurraldean, historian eta ondarean errotu arazten gaitu.

Gainera, lehen mailako kultura-herentzia da, eta hurrengo belaunaldiei aztertzen eta transmititzen jarraitu behar dena, inoren ahalegina eragotzi gabe. Andoaingo kultur eragileek, herriko elkarteek eta herritarrek bultzatu dute Andoaingo Axeri Dantza Euskal Herri osoan eta kanpoan aitortzea. Ahalegin kolektibo horrekin bat egin dute

Andoaingo Udaleko gobernuek eta izen handiko erakunde akademikoek. Andoainen, gure ekitaldi tradizional eta gogoratuenak Axeri Dantzaren emanaldiarekin estuki lotuta daude. Andoaingo kultur taldeen ahaleginari esker, gure kultur ondarea berreskuratu dugu, eta jai ekitaldiak antolatu ditugu eta beste eskualde batzuetako jaialdietan parte hartu dugu. Talde horiek dira gure historiaren zati honen zaindari eta transmisoreak.

Horregatik guztiagatik, Andoaingo Udalak, Andoaingo Axeri Dantzaren berreskurapenaren 50. urteurrena eta emakumearen sarreraren 25. urteurrena direla eta:

  • Andoaingo kultur eragileek Axeri Dantza zaintzeko, irakasteko eta interpretatzeko egin duten ahalegina, ikerketa eta ilusioa aitortzen ditu, baita dantza tradizional horri esker beste leku batzuetan lur honetako jendea irudikatzea ere.
  • Irmo adierazten du Axeri Dantza Andoaingo Udalerriko Kultura Ondasun Imaterial gisa babesten dela, UNESCOren Kultura Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioaren arabera.
  • Andoaingo kultur elkarte eta eragileekin ahaleginak bateratzera animatzen du, herri-dantza hori babesten eta defendatzen jarraitzeko.
  • Eskerrak eman nahi dizkie 50 urte hauetan Andoaingo Axeri Dantza bizirik mantentzen lagundu duten guztiei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!