Senidetze eguna ospatu dute gaur

Ainhoa Gil 2025ko mai. 31a, 16:33

Aiztondo bailara eta Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzea ospatu dute gaur, Villabonan. Harrera-ekitaldi instituzionalarekin eman diote hasiera, Villabonako udaletxean, eta harrera herrikoia egin dute ondoren. Bazkaria eta kantaldiarekin borobildu dute eguna.

Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udal ordezkariak gerturatu dira ekitaldira. Villabonako udaletxean elkartu dira, El Salvadorretik gerturatutako ordezkariei harrera egiteko. Euskal Fondoako ordezkariak ere gerturatu dira ekitaldira. 

Xabat Laborde alkateordeak hartu du hitza harrera egiteko. Beatriz Unzue alkateari zuzendu dizkio lehen hitzak: "Lehenik eta behin, aita zendu berri zaion honetan, besarkada eta dokuminak bidali nahi dizkiot Bea Unzue alkateari".

Ondoren, ongi-etorria egin die El Salvadorretik etorritako ordezkariei "Aiztondo bailarako Amasa-Villabona, Asteasu, Aduna eta Villabonako udalak eta Segundo Montes komunitatearen arteko elkartasun-senidetzea ospatzeko elkartu gara gaur. 32 urtez luzatu da elkarlan hau eta oso bide emankorra izan da. Aiztondoko udal ordezkariok harro gaude senidetzeak egin duen ibilbidearekin eta egiten jarraitzen duenarekin. Amasa-Villabonako herritarren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet bide honetako udal ordezkariei, bolondresei... senidetze horren baitan egindako ekarpenagatik. Eskerrak eman nahi dizkiot, baita ere, Euskal Fondoari gure herrien arteko elkartasuna behar bezala bideratu dadin eta proiektuek aurrera egin dezaten hemen eta El Salvadorren egindako lan guztiagatik. Euskal Fondoaren laguntzarik gabe askoz ere zailagoa izango litzateke bide hau". 

Aurten ere bi emakume gerturatu dira El Salvadorretik; Donatila Arguita Segundo Motesetik eta Ana Lucia Dominguez Ayala, Suchitototik. Ongi etorria egin ondoren, hitza eman diete bi emakumeei: "Eskerrak eman nahi dizkiot Aiztondo bailarari, Euskal Herriari eta Euskal Fondoari. Eskerrik asko gure komunitatearen bidean lagun izan zaretelako", azpimarratu du Donatila Arguitak. "Niretzat ohore handi bat da Suchitotoko ordezkari izatea. Gure herria gerra ondoren sortu zen. Oso eskertuta nago eta Euskal Herriak egiten duen lana aitortu nahi dut. Emakumeek osatzen dituzue Aiztondoko herrietako alkatetzak eta hori niretzat oso adierazgarria da. Gure herrialdean bide luzea dugu emakumeon partaidetza sustatzeko. Euskal Fondoaren lana ere sakonki eskertu nahi dut. Generoaren gaia, gaztedia, ura... gai asko landu dira elkarlanean eta oso eskertuta gaude", aipatu du Ana Lucia Dominguezek. 

Euskal Fondoako Juan Mari Balerdik ere hartu du hitza eguerdiko harrera ekitaldian: "Urte askotako bidea egiten ari gara elkarrekin eta bide honetan, gora behera ugari izan ditugu. Egungo egoera, esaterako, oso zaila da. El Salvadorreko lehendakariak zerga handiak jarri nahi dizkio elkartasunari. Mundua oso itsusi dago eta, orain, inoiz baino beharrezkoagoa da herrien arteko elkartasuna". 

Opari trukea eginez amaitu dute harrera ekitaldi ofiziala eta, ondoren, herri harrera egin diete El Salvadorreko ordezkariei. Agurra eta fandango-arin-arina dantzatu diete dantzari bikote batek. Ondoren, elkarrekin bazkaldu, eta kantaldiaz gozatu dute Senidetze Eguna borobiltzeko.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!