Albaolatik Aralarreko Santutegira erromesaldia, eskualdean barrena

Aiurri 2025ko eka. 3a, 10:22

Iturria: Albaola

Ekainaren 9tik 15era, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriatik, erromesaldia abiatuko da Aralarko San Migel Santutegira iristeko helburuarekin: 2024ko urrian, erasoa jasan zuen santutegiko sarrerak, ezezagunek bertako atea erre eta markatu baitzuten. Hori horrela, espazioak duen "balio espiritual, sinboliko eta historikoarekin" jabetuta,atearen berreraikuntza egiteko eskaini zuen bere burua Albaolak: Nafarroako Sakana eskualdeko egurra erabilita, artisau erara egin dituzte zaharberritze-lanak, Mundu Berri Baterako Ateak proiektuaren barruan. 

Ateak garraiatzeko txanda da orain. Ez dute edozein modutan egingo, baina, Aralarreko Santutegiko arduradunek  erromesaldia antolatzea erabaki baitute. Hala, idiek tiratutako gurdi batean eramango dituzte ateak,  Pasaiatik Aralarreko ibilbidea txistulari eta bertsolariekin batera osatu nahi dute, gainera: guztira, 86 kilometro baino gehiago izango du ibilbideak, eta Gipuzkoako eta Nafarroako 21 herri zeharkatuko dituela aurrikusi dute.

Ekainaren 9an, Hernanin, Urnietan, Andoainen, Sorabillan eta Amasa-Villabonan geldialdiak egingo ditu erromesaldiak 


Biharamunean, Villabona, Anoeta eta Tolosa udalerriak zeharkatuko dituzte. Erromesaldia ekainaren 15ean amaituko da, igandearekin, Santutegian egingo duten ongi-etorriarekin. Eguerdiko 12:00etan ate berriak jarri eta eukaristia egingo dute. 

Ekainak 9, astelehena. Ordutegiak:

  • 10:00 Astigarraga.
  • 10:50 Hernani.
  • 11:30 Urnieta. Ordu erdiko geldialdia egingo dute.
  • 13:30 Andoain.
  • 14:10 Sorabilla.
  • 15:00 Amasa-Villabona.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!