Buruntzaldean ibili ziren nazioarteko boluntarioen atzetik

Xabier Lasa 2025ko eka. 8a, 07:00

Azurki eta Arroyo, Estoucha eta Gostynski boluntario poloniarren erretratuekin, eta, bi horiek Goikoplazan 1936ko abuztuan agertzen diren argazkiarekin.

Abian da Gipuzkoara 1936an heldu ziren boluntario internazionalisten gaineko ikerketa. Buruntzaldean borrokan aritu ziren hainbat boluntarioren nortasunaren atzetik dabiltza Aitor Azurki eta Aitzol Arroyo ikerlariak

Faxistek 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarra bultzatu eta handik gutxira, Europatik ehundik gora boluntario hurbildu ziren Gipuzkoara, Errepublikaren defentsan parte hartzeko. Abuztuko lehen egunetan heldu ziren, eta Fronte Popularren agindutara jarrita, Gipuzkoako hainbat frontetan aritu ziren borrokan, tartean Buruntzaldean.

Boluntario horien izen-abizenak, biografiak, ibilbideak, gutunak, argazkiak... biltzen ari dira azken urtetan Aitor Azurki kazetaria eta Aitzol Arroyo historialaria. 

Ion Gambra Aldundiko Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiarekin batera aurkeztu zuten eskuartean darabilten egitasmoa, Aldundian bertan joan den apirilean egin zuten agerraldian. Gambrak aitzindaritzat jo zuen ikerketa, “orain arte argitaratu gabea da, eta helburu argia du: gure historia berreskuratzea demokraziaren eta giza eskubideen ikuspegitik, Gipuzkoan boluntario atzerritarren etorreran eta jardueran oinarrituta".

Aldi berean, Aitor Azurkik azpimarratu duenez, "gizarte gisa aspaldi egin behar zen betebehar bat da hau: pertsona hauen oroimena berreskuratzea, guztia borondatez eta inolako ordain ekonomikorik gabe utzi baitzuten, faxismoaren aurkako borrokarekin bat egiteko, euren mugetatik kanpo, lur eta gizarte erabat ezezagun batera iritsiz, giza eskubideen eta pertsona behartsuenen aldeko borrokaren ideala jarraituz".

Aldundiko agerraldiaz geroztik, bi ikerlariak Andoainera hurbildu dira, egitasmoa sakonago azaltzeko, eta zehazki, herriarekin eta Buruntzaldean abuztuko lehen bi astetan eman ziren borrokaldiekin lotura estua duen historia jakingarria kontatzeko. 

Zutabe ugariko egitasmoa

Hiru zutabe ditu egitasmoak, batik bat. Batetik, boluntario horien historia kontatuko duen liburua argitaratzeko asmoa daukate 2026an, frankistek kolpe-militarra eman zutenaren 90. urteurrenarekin bat eginez. 

Boluntario horietako bat izan zen Estera Zilberberg, Estoucha edo Juanita Lefévre ezizeneko erizain judu poloniarraren gaineko ikus-entzunezkoak osatuko du bigarren zutabea; “Area audiovisual” ekoiztetxearekin elkarlanean egingo dute lanketa hori.

Eta egitasmoaren hirugarren adar gisa, Zilberberg-en semeak (Georges Waysand) haren bizitzaren gainean idatzitako Estoucha liburu biografikoa euskaraz eta gaztelaniaz itzultzea izango da. 

Gipuzkoan ibilitako boluntarioan memoria

Gipuzkoan "150 bat boluntario izan zirela egiaztatu ahal izan dugu egundaino", Arroyok zehaztu duenez. “Horietatik heren bati irudia ere jarri ahal izan diegu, argazkiekin. Zerrendan sartzeko baldintza metodologiko gisa ezarri diogu geure buruari lehenbizi topatzea horietako bakoitza lotuko duen dokumentu identifikatzaileren bat (izan argazkia, izan gutunak, izan prentsa-kronikaren batean aipamena...)”.

Hain juxtu, golpe zaleek 1936ko irailaren 26an jada Gipuzkoa oso-osorik (Elgeta eta Eibar ez beste lurralde osoa) hartu zuten arte doazen bi hilabete eta gehiagoko denboraldian Errepublikaren defentsan ibili ziren europarrak ditugu jomugan”.

"Nazioarteko Brigadista" gisa ez, baizik eta “Nazioarteko Boluntario” gisa izendatzen dituzte Gipuzkoan ibili ziren miliziano horiek: “Estatuan, Albaceten, 1936ko urrian Nazioarteko Brigada ospetsuetan antolatzen hasi ziren hogei eta hamar bat mila boluntarioen aitzindaritzat jo behar ditugu”.

Horien elkartasun espiritua nabarmendu du Arroyok: “Konbentzimendu osoarekin gainditu zuten Hendaiako muga, hemengo erresistentziarekin bat egiteko. Bazeukaten eskarmentua eta bazekiten jada Europan faxismoa zabaltzen ari zela, eta Espainiako estatuan piztu zuten golpe militarra horren laborategia zela; euren betebehar etikoa zela hari aurre egitea, tokian-tokian. Buru-argikoa zen jende hori, askatasunaren eta demokraziaren alde bizia ere emateko pronto zegoena”. 

Estoucha eta Gostynski poloniarrak, Andoainen

Identifikatu dituzten 150 boluntario europar guzti horien ibilbidea bada ere azpimarragarria, bien historiala egin zaie are deigarriagoa. Estera Zilberberg Estoucha eta Abram Gostynski poloniarrak dira horiek. “Erizain judu poloniarrak ziren biak ere. Abuztuaren 12an zeharkatu zuten Hendaiako muga, Belgikako beste zortzi langilerekin. Bikotea botikekin eta sendagaiekin zetorren; besteek metrailadorea bat piezatan maleta batean sartuta zekarten”. 

Azurkik eta Arroyok urrezko altxortzat jotzen dute Fronte Popular egunkariaren abuztuaren 16ko zenbakian deskubritu berri duten harribitxia: Gipuzkoara heldu berriak ziren internazionalisten gaineko kronika, eta horri erantsita, argazkiak, honako oina daramana: “Belgas llegados a San Sebastián para ponerse al servicio del Frente Popular, como técnicos en el manejo de la ametralladora”. 

Arroyok zehaztu du zer dela eta horrenbeste garrantzia merezi duen prentsa-kronika horrek: “Belgikarren eta poloniarren presentzia baieztatzen digu, eta batik bat, argazkiko lau lagunetatik bi identifikatu ahal izan ditugu, Estoucha eta Gostynski, poloniarrak dira horiek. Gainera, non agertuko eta, Andoaingo Goikoplazan!”.

Kolpe zale militarrek Andoain abuztuaren 16an okupatu zutela aintzat hartuta, argazkia aurreko egunetako batean atera zutela igarri daiteke. 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 672 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!