[Postontzia]

Hamalau urte borrokan, noiz arte?

Tolosaldea Osasun Publikoaren alde 2025ko eka. 4a, 07:06

Orain 14 urte, Osakidetzak eta Asuncion Klinikak sinatutako hitzarmenarekin, martxan jarri zen Tolosaldean osasungintza pribatizatzeko plana. Asmoa zen espezialitateen anbulatorioa desegitea eta espezialitate guztiak Asuncion Klinikak atenditzea.

Baina herritarrok mugitu egin ginen eta asmo haiei aurre egin genien; hala, espezialitate batzuk baino ez ziren pasa klinikara.

Ondorengo urteetan luzatu egin dute hitzarmen hori, batere kontuan izan gabe klausula batzuk ez dituela betetzen, adibidez, homolagazioarena, izan ere, homologatu gabeko espezialistak ari dira lanean, hain zuzen ere, plantilako medikuen erdiak baino gehiagok ez du homologazio titulurik. TOPAk behin baino gehiagotan salatu du egoera hau.

Eusko Jaurlaritzak urtetan ukatu zuen gure egoera prekarioa, baina, halako batean, EAJk onartu zuen Tolosaldeak ospitale publikoa behar zuela, eta 2019an, hauteskundeetako promes gisa, Tolosan ospitale publikoa egiteko konpromisoa hartu zuen. Horretarako, ordea, kokapena eta ospitale mota inposatu zituen: erresoluzio handiko zentro bat suhiltzaileen parkearen aurreko aparkalekuan. Ikusita gainerako eskualdeek nolako ospitalea daukaten, zentro hori ez da, inondik inora, haiena bezalakoa.

Gaur egun, gainera, ez dakigu ezer Tolosalderako Osasun Planari buruz, ez daukagu inolako informaziorik, Osasun sailburuak ez baitigu plan horri buruz ezer erantzun, nahiz eta TOPAk, Tolosaldeko alkateek eta Klinikako enpresa komiteak eskatu.

Urte gehiegi pasa dira promes hutsen zain egoten jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzak luze gabe konponbideak jar ditzala exijitzen dugu.

Uste dugu adreilua ez dela konponbidea. Zergatik ez Asuncion Klinika publifikatu eta langileak subrogatu? Borondate politikoa besterik ez da behar horretarako.

Noiz arte eduki behar dute Tolosaldea eskualdeko ospitale publikorik gabe? Eta bitartean, zer?

Tolosaldean baztertuta gaude osasun arloari dagokionez. Lehen kasurik ez, eta, orain, adarra jotzen. Eusko Jaurlaritzaren politikak eraginda, bazterketa sanitarioa ari gara jasaten Tolosaldean.

Oraintxe daukagu aukera Tolosaldeko herritarron ahotsa entzunarazteko. Horregatik egiten dizuegu dei ekitaldi honetan parte hartzeko: giza katea osatu behar dugu eta Zerkausia, Naparzubia eta Zubiberria lotu, ekainaren 14an, 12:00etan. Horretarako, aurrena, Trianguloan elkartuko gara.

Denon artean lortuko dugu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!