[Postontzia]

Tolosaldeko osasungintza % 100 publikoa, zerbitzu guztiekin eta Asuncioneko langileekin!

Asuncion Klinikako langile batzordea 2025ko eka. 12a, 07:38

Azken egunotan publiko egin da EAEko Osasun Ituna azken txanpan dagoela, eta litekeena dela hilabete hau amaitu baino lehen akordioa lortzea. Badirudi eztabaidatzen ari diren gaietako bat osasun-sistemako lankidetza publiko-pribatuaren gaia dela. Eta hor sartzen da bete-betean Tolosaldearen etorkizun sanitarioa.

Bai Asuncion Klinikako langileek, bai Tolosaldeko herritarrek urte asko daramatzagu eskualdeak ospitale eta osasun-zerbitzu publikoak izan ditzan mobilizatzen, Gipuzkoako gainerako ESIek duten bezala.

Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa eraikitzea erabaki zuen 2019an. Horretarako, plan funtzional bat jarri zuen martxan, 2023an jendaurrean aurkeztu zena. Asuncioneko langileen eta gizartearen aldarrikapenak inoiz ez ditu jaso plan honek.

Plan funtzional hori oso laburra da zerbitzuei dagokienez; adibidez, ez du garbiketa-zerbitzua aipatzen, ezta sukaldea ere; ospitaleratutako kirurgia beste ospitale batzuetara bideratuko da, pediatriako larrialdirik gabe, eta obstetriziarik gabe. Hori guztia erreferentziazko Eskualdeko Ospitale izatetik oso urrun geratzen da. Gainera, baditugu Eibarko edo Gernikako kasuak, eskualdeko ospitaleen antzik ez dutenak. Era berean, ez du aipatzen hainbeste urtetan zerbitzu hori eman duten langileekin zer gertatuko den.

Beraz, eta osasun-mahaiaren balizko akordio baten aurrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu hasierako plan funtzionala baztertzeko eta gure aldarrikapenak kontuan hartzeko:

  • Ospitalea % 100 publikoa, hau da, langile eta zerbitzu guztiak publikoak izatea.
  • Zerbitzu guztiak dituen ospitalea izatea: eskualdeko erreferentziazko ospitalea izatea, Tolosaldeko herritarrei arreta integrala eman ahal izateko.
  • Asuncioneko langileak ospitale publikoan subrogatzea. Subrogazio-prozesu hori posible da. Onkologikoan gertatzen ari den bezala, borondate politikoa baino ez da behar.

Osasun sailburua den Alberto Martinezi dei egiten diogu Asuncion Klinikako enpresa-batzordea bilerara dei diezan, orain arte ez baitugu jaso biltzeko egin ditugun eskaeren erantzunik, ez eta gure egungo eta etorkizun hurbileko egoerari buruzko informaziorik ere.

LAB eta ELA sindikatuok dei egiten diegu Asuncion klinikako langile guztiei eta, oro har, Tolosaldeko herritar guztiei hilaren 14an Tolosan egingo diren 12:00etako mobilizazioetan parte hartzera

LAB eta ELA sindikatuok dei egiten diegu Asuncion klinikako langile guztiei eta, oro har, Tolosaldeko herritar guztiei hilaren 14an Tolosan egingo diren 12:00etako mobilizazioetan parte hartzera, eta eskualdeko ospitale % 100 publiko baten alde borrokatzen jarraitzera, zerbitzu guztiekin eta Asuncioneko langileen subrogazioarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!