Bigarren edizio honetarako bi aldaketa nabarmen iragarri dituzte Osin Trail kirol taldeko antolatzaileek. Lehena data da: irailetik ekainera aurreratu dute proba. Eta bigarren aldaketak ordutegiarekin du zerikusia: iaz bazkalostean izan zen eta, aurten, goizez izango da.
Bertxin Xtrem 500 eta 1.000 eskaileren proba konbinatua da, bi igoeren denborak zenbatzen baitira sailkapen orokorra osatzeko. Iazkoan ikusi ahal izan zenez, lasterkariek minutu gutxiko denbora-tartean esfortzu handia egin behar izaten dute.
Erraza dirudi baina estrategia oso garrantzitsua da. Iaz, esaterako, grinak baldintzatuta, azkar batean ekin zioten igoerari. Eta, eskilaratan gora aurrera egin ahala, gorputza bihurritu egiten zuten, besoak jaitsiz eta katuka igoz. Eta, ezin bestela, arnasestuka.
2024ko edizioan marka onenak Maria Ordoñez (8:20 minutu) iruñarrak eta Aner Arozena zumarragarrak (6:36 minutu) ezarri zituzten.
Lasterketan 18 urtez gorakoek parte har dezakete. Federatuek zein federatu gabeek parte hartu ahalko dute eta, hori bai, antolakuntzak lasterkari guztiei mediku errekonozimendua eta esfortzu-proba bat egitea aholkatu die. Gehienez ere 120 partaide lehiatzeko aukera eman dute antolatzaileek.
Ikusleen ikuspegitik bertatik bertara ikusteko proba ikusgarria da, Leitzaran haranaren sarbidean egiten dena. Hobe, aukeran, oinez hurbiltzea. Lasterkariak esfortzu betean ikusteko proba ikusgarria da.
Bertxin Xtreme II
Ekainak 21, larunbata
Probak:
- 10:00 Lehen proba: 500 eskilarak.
- 11:30 Bigarren proba: 1000 eskilarak.
Dortsalen banaketa:
- 08:30 Otietan, Bisitarien etxean.
Arauak:
- Eskailerak nahi bezela igo ahalko dira (oinez, korrika,...)
- Barandari eustea baimenduta dago.
- Makilak ezin dira erabili.
- Beste korrikalari baten aurreratzea erraztea derrigorrezkoa da.
- Korrikalariak 30 segunduro aterako dira.