Bertan izan ziren Larraulgo Herri Eskolako, Pello Errota Herri Eskolako, Alkizako Herri Eskolako, Aduna Herri Eskolako, P.M Otaño Herri Eskolako, Mendigain Herri Eskolako, Fleming Herri Eskolako, Erniobea Institutuko eta Haurreskoletako ordezkariak.
Bilera honetan, Aiztondoko Euskal Eskola Publikoaz Harro! taldeak ikasturte honetan egindako ekimenak baloratu zituen, ordezkari desberdinek beraien ekarpenak egin zituzten eta amaitzeko 2025/2026 ikasturterako aurrematrikulazio datuak aztertu ziren. Datu hauetatik ateratako ondorio nagusiak hauek dira:
- Aiztondo bailarako umeen jaiotze kopurua jaisten ari da. Hori dela eta, bailarako herri txikietan, batez ere, bertako gazteak herrian geratzeko aukera izan dezaten eta jende berria herrietara gerturatu dadin etxebizitzaren gaia udalekin batera lantzen ari den eta lantzen jarraitu behar dela azpimarratu da. Puntu honetan, eskolak herriak bizirik mantentzeko funtsezko zerbitzua direla adierazi da.
- Azken hamar urtetako datuak aztertuta, Aiztondoko Euskal Eskola Publikorako familien hautuak goraka egin du ehunekotan. Alegia, 2015. urtean, bailarako familien %65-ak egin zuen Aiztondoko Euskal Eskola Publikorako hautua beraien seme-alaba 2 urteko gelan matrikulatzerako garaian. Hamar urte hauetan zehar ehunekoa handitzen joan da. 2025-2026 ikasturtean, bailarako familien % 83ak Aiztondoko Euskal Eskola Publikorako hautua egin du beraien seme-alaba 2 urteko gelan matrikulatzerako garaian.
- 25/26 ikasturterako Aiztondoko familek, berriz ere, Euskal Eskola Publikoa aukeratu dute:
- 2 urteko gelako matrikulen %83-a Aiztondoko Euskal Eskola Publikoan egin da.
- DBH1 mailarako matrikulen %76.11-a Aiztondoko Erniobea Institutuan egin da.
- 25/26 ikasturterako sare publikoko bailarako 5 Haurreskolak zabalik egongo dira: Larraulgo Haurreskola, Asteasuko Haurreskola, Alkizako Haurreskola, Kuttuna Haurreskola (Aduna-Zizurkil), Seaska Haurreskola (Amasa-Villabona)