Lurralde mailako elkarretaratzea, osasungintza publikoaren alde

Aiurri 2025ko eka. 17a, 13:51

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak deituta, Gipuzkoa mailako elkarretaratzea egingo da Lasarte-Oriako San Pedro elizaren aurrean, ostegunean, arratsaldeko 18:30ean, " Indartu eta defendatu dezagun gure osasun publikoa!", lelopean. 

"Promesa hutsak" alde batera utzita, deitzaileen arabera, "osasun sistema publikoaren aldeko benetako inbertsioak eta neurriak" exijitzea du xede mobilizazioak. Osasun-sistemaren iraunkortasuna bermatze aldera, besteak beste, lehen arretaren aldeko aldarrikapenean ipini nahi dute begirada, horixe delako, beren esanetan, "bidezkoena den eredua", eta, gainera, "prebentzioan eta osasunaren sustapenean" oinarritzen delako, "gastu txikiagoa" sortzeaz gainera.

Horrez gain,  langileen lan-baldintzak duindu beharra nabarmendu dute, baita pribatizazioaren bideari ateak itxi beharra plazaratu ere, "osasungintzaren kudeaketa garden eta parte-hartzaile baten alde". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!