Pilotari, pilotazale eta erantzukizuna hartu duten pertsonak zarete hirurak. Ardura partekatuak dituzuenez, azal iezaguzue zertan ari zareten.
Iñaki Lizaso Perez. Lehenik eta behin, Behar Zana pilota taldeko arduraduna naiz eta Gipuzkoako Pilota Federazioan laugarren agintaldia betetzen ari naiz. Oraingo honetan, lehendakari lanetan. Hasierako urteetan, lehendakari-orde izan nintzen, ondoren idazkari... mendeurrena dela-eta, pauso bat eman behar zen aurrera eta jende gutxi geunden erantzukizuna hartzeko prest. Egia esan, aurreko urteetan federazioko lehendakaritza-postua saihesten aritu nintzen, pilota elkartean lan handia dugulako.
Itxaso Erasun Gorostidi. Behar Zana klubeko pilotaria izateaz gain, Euskadiko Federazioko kide naiz. Berdintasun alorrean nago, emakumezkoen jarduera sustatzeko helburuarekin.
Aratz Luixa Urkola. Behar Zana klubeko hezitzailea naiz eta Gipuzkoako federazioan pala, paleta eta joko garbi-erremonteko taldean ari naiz.
Hirurek ere zaletasuna, kirol jarduera eta ardurak uztartu behar dituzue. Zer moduz daramazue hori?
Aratz LU. Federazioan sartu berri naiz eta, lanerako, bide-orri bat badago. Ez dit lan handirik ematen, hasiera honetan. Eroso sentitzen naiz momentu honetan.
Iñaki LP. Urte asko daramat lehiatzen eta, aldi berean, ardurak hartzen eta ekimenak antolatzen. Ohitu egin naizela esango nuke. Gipuzkoako Federazioko lehendakari izatean, halabeharrez, Euskadikoan ere banago. Gipuzkoako mendeurrena ospatzearen ondorioz, lan karga ikaragarria da eta gehienak lehendakariak bere gain hartu behar ditu. Soldatapeko langileak badira federazioan eta, gainerakoak, gure borondatez gaude zuzendaritzan. Batzuetan pisutsua da biak uztartzea. Aurreko astean finala jokatu nuen baina partida prestatzeko denborarik gabe ibili naiz aste osoan.
Itxaso EG. Federazioan funtzio zehatza dut eta nahiko osagarria zait bietan, frontoian eta federazioan, aritzea. Niretzat ez da lan karga bat, azkenean, gure onura bilatzen ari garelako.
Zuen hiruon kasuan zein izan da federazioan murgiltzeko motibazioa?
Iñaki LP. Duela hamairu urte sartu nintzen federazioan, 26 urterekin. Bertan gaudenok ulertu behar dugu kluben kluba dela federazioa. Kanpotik kritika erraza da, baina barrutik egin behar da lana. Federazioak aurrera eramaten dituen egitasmoak klubek erabakitakoak dira. Hori guztia esanda, nire motibazioa honakoa da: pilota mundua hobea izan dadin ekarpena egiten ari naiz.
Aratz LU. Iñaki jarri zen nirekin harremanetan federazioko lantaldean murgiltzeko. Egitasmoen berri eman zidan eta plangintza gustukoa nuen. Pilota mundua maite dugu eta gure aletxoa jar genezakeenez, saiatuko gara horren alde egiten.
Itxaso EG. Neuk ere Iñakiren eta federazioan dabiltzan beste hainbat pertsonen eskutik jaso nuen proposamena. Erakargarria egin zitzaidan eskaintza, nire balioekin bat egiten baitzuen. Euskara, Euskal Selekzioa, emakumezkoen pilota... alor horien alde ekarpena egin dezakedala uste dut.
Zein indargune ditu pilotak une honetan?
Iñaki LP. Euskaraz bizitzeko gune bakanetakoa da pilota-eskola batean egotea. Gure bailaran eta Gipuzkoan hori bermatuta dago. Gurea da, bertan sortua. Kirol jarduera gogorra da, baina, aldi berean, balio asko lantzen dira. Banaka eta binaka jokatzen da askotan baina taldean sortzen den giroa oso berezia da. Iparraldean hasi eta Nafarroaraino, pilotaren bidez, toki asko eta pertsona ugari ezagutzeko aukera dago.
Federazioaren eskutik, noraino iritsi nahi duzue?
Itxaso EG. Atzetik datozen guztientzat ahalik eta egoera onena lortzea eta txapelketa onenak antolatzea da helburua. Pilotan geldialdiak bizi izan ditugu eta ez genuke belaunaldi berriek hori bizitzea nahi. Orain bada jarraikortasun bat, urte osoan txapelketak badira eta gainera, teknifikazio-saioak badituzte. Bide horretan segitzea nahiko genuke.
Aratz LU. Federazioan gaude gu, baina inguru bat badugu eta haien guztien ideiak garatzen ahalegintzen gara. Ilusio hori dugu.
Iñaki LP. Nire asmoen artean ez zegoen lehendakari izatea baina bestalde, legez ezin dut beste agintaldi bat gehiago egin. Beraz, denbora tarte honetan, ahalik eta ondoen egitea da nire asmoa. Liburu bat argitaratzeko lanetan ari gara, udazkenean aterako dena.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 673 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.