Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea IV (Oialume Zar) garaile atera ziren Sagardoaren Txapelketako finalean, astelehen honetan Hernaniko Galarretan jokatutako partidan. Aurkariak, Javi Urriza eta Iban Larrañaga (Petritegi), 0-2 menderatu zituzten, 9-15 eta 7-15eko markagailuarekin.
Giro bikaina izan zen eta lehen seta oso dinamikoa izan zen, hiru zatitan banatuta. Aldabe eta Barrenetxea indartsu hasi ziren, sei tanto jarraian eginda (1-6). Ondoren, Urriza eta Larrañagak erantzun bikaina eman zuten eta beste sei tantoz aurretik jarri ziren (7-6). Berriz berdinduta (9-9), Oialume Zarreko bikoteak azken kolpea jo zuen eta sei tanto jarraian eginez 9-15ekoa jarri zuen amaieran.
Bigarren setean, Aldabe eta Barrenetxeak jokoaren eta markagailuaren kontrola izan zuten uneoro. Lehen setean bezala, 1-6 aurreratu ziren eta ez zuten abantaila galtzen utzi. Urriza eta Larrañaga hiru tantora hurbildu ziren (5-8 eta 7-10), baina ez zuten alde hori gainditzea lortu. Azkenean, 7-15 irabazi eta txapela eskuratu dute Aldabek eta Barrenetxeak.
Finalaren amaieran, Endika Barrenetxea IV izendatu zuten Txapelketako pilotari onena. Hernaniar atzelariak bere lehen txapela du Sagardoaren Txapelketan, eta lorpenak ilusio berezia eragin dio.