Cristina Galdos eta Ainhoa Makazagari elkarrizketa
Denboraldi bukaerako erakustaldia egin berri duzue Allurralde kiroldegian. Lanak eta urduritasunak igarota, zer moduzko balorazioa egiten duzue?
Ainhoa Makazaga. Oso positiboa, oso ondo joan zen. Orokorrean ondo atera zen eta, oro har, partaideak gustura gaude, baita gu ere, aurreikusitako denbora-tartean osatu genituelako koreografia guztiak. Amaiera polita eman diogu denboraldiari.
Denboraldi bat gehiago, eta dagoeneko Oskarbi Gimnasia Erritmikako taldea hamargarren denboraldira iritsi da.
Cristina Galdos. Lehen urtean Rebeca Calvo izan zen arduraduna eta errelebo eske deitu zidan. 9 urte egin ditut Andoainen eta sentsazioa oso positiboa da. Oinarritik lan egiten hasi nintzen, ahaztu gabe Oskarbi sortu aurretik gimnasia erritmika egiten zela Andoainen.
Denbora tarte horretan garapen handia ikusi dut gimnasta askoren artean. Ardurari ekin nionean haurrak ziren eta, urteak igarota, haietako askok gurekin jarraitzen dute. Beraz, perspektibarekin, balorazioa positiboa da: kluba aurrera doa eta, zorionez, pandemiak kirol jardueran eragin zuen beherakada gainditu dugu.
Zein onura ditu gimnasia egiteak?
A.M.: Onura asko ditu ariketa fisikoari eta alor emozionalari erreparatuta. Laguntasuna lantzen da eta norbera indartzeko hainbat balio ere bai. Kirol-jarduera bat da eta norbera osasuntsu mantentzeko lagungarria da. Lantzen dira giharrak eta beste kirol jarduera batzuetan uzkurtzen diren beste atal asko. Horrez gain, tapizan, jendetzaren aurrean ari dira eta egoera horiek kudeatzen ikasten dute.
Erakustaldiak eta txapelketak. Zenbaterainoko garrantzia du txapelketak klubaren dinamikan?
C.G.: Txapelketa motibazioa da haurrak erritmikari ekiteko, baina ez da garrantzitsuena. Bai, ordea, horra iritsi bitarteko bidea. Gurea partaidetzazko talde bat eta, berez, nahi duenak bakarrik lehiatzen du. Ez dugu aukeraketarik egiten, ez dugu zehazki inoren alde egiten. Adinka antolatzen dugu ikasturtea eta LH5 mailara iristen direnean, alebin mailan, lehiatu nahi duen orok parte hartzeko aukera du. Urrats bat da pertsonaren formakuntzan, lehiatzen irakasten diegulako. Baina ez diogu mailari erreparatzen, ezta emaitza onari ere. Gimnasia erritmikoan parte hartzeko aukera nahi duen orori luzatzen diogu. Eta, hori esatearekin batera, ondo legoke mutilek ere Oskarbin bat egitea.
Adinean gora doazen partaideek meritu handia dute, ez baita kirol- jarduera erraza.
A.M.: Ez da erraza, ez. Eta, gainera, urteak aurrera joan ahala, helduarora iritsi ahala, baldintza fisikoak okertuz doaz. Bestalde, esperientzia irabazten da eta mentalki eskarmentua izatea abantaila handia da, bereziki, jendaurreko emanaldiei ekiteko.
Normalean, gurean, lotura handia egiten da gimnasia erritmikoarekin, taldekideekin eta prestatzaileokin. Horrek guztiak tira egiten du eta, aukera izanez gero, gurea hautu polita da. Denborarekin, normalean, lan kontuen edo ikasketen ondorioz utzi behar izaten dute.
Denboraldi berriari begira, zer duzue buruan?
C.G.: Berrikuntza handi samarra dakar hurrengoak: lau urtez behin lehiaketen kodigoa edo araudia aldatzen da. 2025-2026a iristearekin batera emango da aldaketa hori eta horrek etengabeko ikasketan aritzera behartuko gaitu gu guztiok, entrenatzaileak zein ikasleak. Hainbat ariketa birmoldatzera behartzen gaitu eta, denboraldi berriari begira, beste modu batera lehiatzen ikasi beharko dugu. Errespetuz eta gogo handiz ekingo diogu, beraz, datorrenari.
Urnietako gimnasta gazteen taldeak ere zuen klubekoak dira, ezta? Zer moduzkoa da hango dinamika?
C.G.: Ez dago erabat egonkortuta, Andoainen bezala. Hemen adin txikietarako ordutegiak eta espazioak finkatuta ditugu. Urtetan heldu diogu antolaketa horri, bereziki, lanean aritzeko guneak eskaintzen dizkiguten Aita Larramendi ikastolari, La Salle Berrozpe ikastetxeari eta Allurralde kiroldegiari esker. Urnietan kiroldegian aritzeko aukera ematen digu Udalak baina antolaketa finko eta egonkor horri eustea kostatzen ari zaigu, aldaketa asko dagoelako urte batetik bestera. Ez dira talde berdinak mantentzen eta nabari da ibilbide motza duela oraindik Urnietan. Haurrak gogotsu daude, baina oraindik ez dugu Andoainen dugun tradizioa antzematen. Izan ere, Andoainen, LHn hasi diren gehien-gehienek aurrera egiten dute. Urnietan, gaurkoz, proba egiteko kirol jarduera bat dela esango nuke. Denbora gehiago eman behar diogu egonkortasuna izan dezan.
Taldeak zer nolako garrantzia du zuentzat?
A.M.: Entrenatzaile bakoitzak du bere taldea eta Cristinak eta nik, bereziki, helduekin lan egiten dugu. Osagarriak gara eta oso ondo lan egiten dugula esango nuke. Horrek aurrera egiten laguntzen digu. Elkarri babes handia ematen diogu, bereziki, lehiaketa egunetan, luze jotzen dutelako.
Allurraldeko erakustaldira jendetza hurbildu ohi da. Zer pentsatzen duzue une horietan?
C.G.: Denboraldi osoan egindakoari saria da eta, bereziki, azkena hunkigarria izan ohi da. Urte osoko lanaren erakusgarria denez, gure partaideek dena ematen dute. Luze jotzen du koreografia asko dagoelako eta, halere, jendeak harmailetan adi-adi jarraitzen du. Pozgarria da, oso.
Familien babesa jasotzea, bestalde garrantzi handikoa da guretzat.
Maialen eta June Mosquero kirolariekin solasean
Duela hamabost urte ekin zion gimnasia erritmikoari June Mosquerok. Antzeko ibilbidea du Maialen lehengusuak: 13 urte.
Zein da urteak aurrera joan ahala aurrera jarraitzeko motibazioa?
Maialen Mosquero. Oskarbin osatu dugun lagun-taldea, prestatzaileekin dugun harremana... eta gauzak ondo irteten direnean oso harro sentitzen gara. Aurrera egiteko indarra ematen dit horrek guztiak.
June Mosquero. Niri burua arintzeko bikain datorkit gimnasian aritzea, eta barrutik ateratzen dugun indar hori oso baliagarria zait.
Ezin uka zuek aukeratu duzuen kirol jarduerak exigentzia maila handikoa dela. Aurrekoan erakustaldia egin zenuten Allurralden eta prestaketa saio askoren emaitza ikusi genuen bertan.
M.M.: Nahiko gogorra da, astean hirutan entrenatzen baitugu. Sei ordu dira, denera. Tapizaren gainean minutu eta erdian urte osoan landutakoa erakutsi behar duzu.
Fisikoki sufrituko duzue. Non, zehazki?
J.M.: Bizkarra, belauna... saio bakoitzaren osteko luzamenduak garrantzi handikoak dira minak arintze aldera.
Negu gorrian hona etortzea bereziki gogorra egiten al zaizue?
J.M.: Egunerokoa alde batera uzteko modua da niretzat,
beraz, urte osoan hona etortzeak ez dit eragozpenik
eragiten.
M.M.: Kanpotik ikusita, neguan eta euripean, iluntzeko 19:00tan Allurraldera etorri beharrak gogorra dirudi, baina arratsalde osoa ikasten eman ondoren gimnasian aritzea lagungarria egiten zait niri.
Allurraldeko erakustaldi handietan Oskarbiko partaide guztiak elkarrekin egoten zarete. Normalean, txikiekin abiatzen da erakustaldia. Zuek eserita zaudetela, haurrak ikustean, zer da burutik pasatzen zaizuena?
M.M.: Aurrebenjamin eta benjamin mailako taldeen prestatzaileak gara eta, nola ez, gure iragana irudikatzen dugu haur horiek ikustean.
J.M.: Garai hartan disfrutatzen nuen erritmikan eta ondo sentitzen naiz oraindik ere haur nintzeneko sentimendu horri eusten diodalako.