Aski ezagunak dira Leitzarango Bertxin zentral hidroelektrikoari itsatsita dauden 500 eta 1000 eskailerak, Andoaingo eta Amasa-Villabonako lur eremutan aurkitzen direnak. Osin Trail kirol taldeko antolatzaileek bitxikeria arkitektonikoa baliatu zuten lasterketa antolatzeko eta aurtengoa bigarren edizioa izan da. Funtsean, Bertxin Xtrem 500 eta 1000 eskaileren proba konbinatua da, bi igoeren denborak zenbatzen baitira sailkapen orokorra osatzeko. Iazkoan ikusi ahal izan zenez, lasterkariek minutu gutxiko denbora-tartean esfortzu handia egin behar izaten dute.
Eskaileratan gora aurrera egin ahala, gorputza bihurritu egiten dute lasterkariek, besoak eta eskuak indarra egiteko baliatuz. Askok eta askok, eskulekura eutsiz edo katuka igoz egiten zuten igoera. Aurtengo edizioan Urnietan sortu eta Andoainen bizi den Koldo Velasco Urriza izan zen Bertxin Xtrem lasterketako onena, Aner Arozena bigarren sailkatuari 12 segunduko aldea ateraz. Nesketan, Nerea Urteaga zumaiarra nagusitu zen, Garazi Artola herrikidearen aurretik.
Proba ikusgarria da Bertxin Xtrem, zailtasun handikoa, eta ez da zertan azkarra izan behar faborito izateko. Izan ere, beste dohai batzuk ere behar baitira lasterketa honetan aritzeko. Indarra da horietakoa. Eta hanka luzeak izatea ere abantaila da, eskailera txiki ugari eta malda pikoa gainditu ahal izateko.
Iristear da Trikuharriren edizio berria
Trikuharri mendi lasterketak hartuko dio lekuko Bertxin Xtrem-i. IV. ediziora iritsi da dagoeneko. Mendi maratoi gisa jaio zena, distantzia motzagoetara egokitu dute eta, arrakasta handia izan ohi du urtero. Uztailaren 19an ospatuko da aurtengoa, Villabonako Santio jaien atarian eta garagardo azoka martxan dela. Bi distantzia ezberdinetan ospatuko da; 12 kilometroko ibilbide motza, eta 24 kilometroko luzea.
Ibilbide luzea aukeratzen duten korrikalariak izango dira lehenak irteera puntuan; 09:30ean abiatuko dira, Errebote plazatik. Guztira 1289 metroko desnibela gainditu beharko dute eta, Loatzo edo Uzturreko gainak igaroko dituzte, besteak beste.
Ibilbide motza aukeratzen dutenek, 09:45etan ekingo diote korrika saioari plazatik bertatik. 413 metroko desnibela gainditu beharko dute hamabi kilometroko ibilbidean eta Onddolarren izango dute kontrol-gunea. Errebote plazan izango dute helmuga korrikalari guztiek. Izena emateko epea zabalik egongo da uztailaren 17ra arte, www.trikuharrimendilasterketa.com webgunean.
Lasterketa prestatzeko lanetan ari dira orain antolatzaileak. Joan zen ekainaren 27an, esaterako, ibilbidea ezagutzeko hitzordua jarri zuten hainbat lasterkarirekin.