Julen Gabirondo, Gipuzkoako Sega Sail Txapelketako garaile

Ainhoa Gil 2025ko uzt. 6a, 14:16

Julen Gabirondo urnietarra izan da Gipuzkoako Sega Sail Txapelketako garaile. Mikel Lizartza eta Jon Larrañaga izan ditu aurkari ta, Gabirondok garaipen garbia lortu du. Zizurkilgo Arizmendi baserriko belazean jokatu dute txapelketa eta, segalari beteranoen erakustaldia ere izan da, bertaratu direnen gozagarri.

Goizari hasiera emateko, beteranoen erakustaldia izan da ikusgai. Eguerdiko 12:00etarako zegoen iragarrita eta, ordurako, beroketa lanak egiten ari ziren Jose Antonio Matxain, Juan Manuel Erasun eta Leon Albeniz 'Iruntxiberri'. Ikuskizun ederra eskaini dute hiruek. Hogeita bost metro karratuko saila ebaki du 87 urte dituen Leon Albenizek. 50 metrokoan aritu da Matxain, eta 100 metroko saila ebaki du Juan Manuel Erasunek. Txalo eta animo artean aritu dira hiruak ere, segan abilak direla erakutsiz. 

Jarraian eman diote hasiera txapelketari. Julen Gabirondo, Mikel Lizartza eta Jon Larrañaga ziren aurrez aurre. Mila metroko saila ebakitzea zen helburu, ahalik eta azkarren eta txukunen eginaz. Hasiera nahiko parekatua izan da Julen Gabirondo eta Mikel Lizartzaren artean. Hirugarren sailetik aurrera, ordea, abantaila nabarmena hartu du urnietarrak eta hark eraman du garaipena. 

Jon Larrañaga oiartzuarra sailkatu da hirugarren postuan. Leon Albeniz, 'Iruntxiberri' izan du aldamenean, laguntzaile. 

Erlazionatuak

Julen Gabirondo

Ainhoa Gil uzt 06, 14:50 Urnieta   Zizurkil

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!