Ondo baino hobeto ezagutzen ditu Eider Cea urnietarrak gimnastika erritmikoko tapizaren lau ertzak. Bost urte besterik ez zituela murgildu zen kirol-jarduera horretan eta hamabost urteko ibilbidearen ostean, Ibarrako Belabieta taldean dabil, Espainia mailan, taldekako lehiaketetan sartuta. Harreman estua du, era berean, etxeko klubarekin, Oskarbirekin, entrenatzaile-jardunean baitabil.
Ibarrako Belabieta taldean dabil, Espainia mailan, taldekako lehiaketetan sartuta
Zapore gozoz amaitu zenuen joan den urteko denboraldia, Gipuzkoako eta Euskadiko gimnastika erritmikoko txapelketak irabazita. Nolakoa izan da aurtengoa?
Andoaingo Oskarbirekin hasi nintzen, irailean, abendura bitarte. Denboraldi berria prestatzen hasi ginen, dantzak sortzen. Txapelketa irabazita, kategoriaz igo nintzen, hortaz, koreografiak hobeto prestatzeko eta egiteko ahaleginean nintzen. Urte amai ran, federatuen talde batera sartzeko aukera eduki nuen, Ibarrako Belabieta klubean. Proba egin nuen eta hantxe nabil, oso gustura.
Zer moduz lur hartu duzu talde berrian? Behin federatuta, zertan nabari duzu jauzia?
Gogo handiarekin jaso nuen albistea, polita baita esperientzia. Ezberdina da giroa, exijenteagoa. Finean, handiagoa da maila eta gauza gehiago eskatzen dira. Espainia mailan lehiatzen gara federatuta gaudenak eta entrenamendu ordu gehiago egiten ditugu. Jubenil mailan nabil; sei kide izan gara aurten. Gure kasuan, 18-21 urte ingurukoak gara.
Espainiako txapelketen zirkuituan sartu zara. Plaza eta lehiakide berriak ezagutzeko aukera eman dizu horrek.
Orain beste klub batzuen aurka nabil lehian eta nire taldeko batzuk ere ez nituen ezagutzen. Granadan izan zen Espainiako txapelketa, baina, bestela, hemendik gertu aritzen gara. Egoten dira lehiaketak, Madrilen-eta, baina, oraingoz, ez dut halakorik egin. Taldeei begira, Espainia mailan, lehen postua eskuratu zuten donostiarrek, beraz, lehiakide zailak dira.
Zenbat denbora eskaintzen diozu gimnastika erritmikoari astean?
Astero, entrenatzaile gisa ematen ditudan lau orduez gain, hiru egunez, hiru orduko entrenamenduak egiten ditugu: astelehenak eta asteazkenak, arratsaldez eta larunbatak, goizez. Antzeko martxa dugu horietan: beroketa, fisikoa, koreografiak muntatu edo gauza berriak probatu... Azken hori denboraldiaren momentuaren arabera izaten da. Dantzei dagokionez, zenbat eta nagusiagoa izan, orduan eta askatasun handiagoa daukagu sortzeko. Gutako batzuk entrenatzaileak dira, gainera, eta gai gara koreografiari ekarpenak egiteko.
Indarra eta era berean elastikotasuna. Badira ginmasia erritmikoaren bi bereizgarri. Nola prestatu gorputza horren mugimendu exijenteen aurrean?
Urteak daramatzagu elastikotasuna lantzen, orduan, hori ez da galtzen, baina konstantzia handia behar da prestaketa saioetan. Bestela, ez dugu aparteko dieta zorrotzik, nahiz eta mesedegarria den zaintzea, baita atseden hartzea ere.
Era berean, nola entrenatu burua? Perfekzioa bilatzeko bideak berak estresa edo tentsioa sor baitezake.
Pertsonaren arabera izan ohi da hori, bakoitzari modu batera edo bestera eragiten diolako. Gure kasuan, taldean lehiatzen garenez, elkarri laguntzen diogu. Esaterako, arnasketak egiten ditugu, atera aurretik, txapelketetan.
Lesioen prebentzioa nola lantzen duzue? Zein neurri hartzen dituzue gorputza babesteko?
Bai, baina, beno, ez daukagu denbora soberan. Entrenamendu amaieran, luzapenak egiten ditugu, eta horrek laguntzen du.
Nola uztartzen dituzu gimnastika erritmikoa eta zure gainerako egunerokoa?
Ahal bezala egiten dugu eta lehentasunak ipini behar ditugu. Adibidez, unibertsitatean nabil antropologia ikasten. Bada, zereginak eguneratuta izaten ahalegintzen naiz. Eguneroko beste arduretan konstantzia edukitzen erakutsi dit gimnastika erritmikoak.
"Eguneroko beste arduretan konstantzia edukitzen erakutsi dit gimnastika erritmikoak"
Gimnastika erritmikoan aritu ez ezik, irakatsi ere egiten duzu, Urnietan, Oskarbi taldean. Zer moduzko denboraldia izan da taldearentzat?
Duela hiru urtetik nabil entrenatzaile-lanetan. Aurten, zazpi urtetik hamaika urte bitarteko ia 30 haurrekin aritu naiz. Oso ondo joan da denboraldia, gustura etortzen dira umeak. Gainera, bakarrik aritu naiz entrenatzaile moduan, lehen aldiz.
Erakustaldi jendetsua egin zenuten ikasturte amaieran. Osasuntsu ikusten al duzu gimnastika erritmikoa bailaran?
Zirrara eragiten dute ikuskizunek, publikoaren artean. Andoainen egin ohi dugu erakustaldi nagusia, baina, Urnietan gertukoentzat zein senideentzat ere ikuskizuna izaten da eta jende asko gerturatzen da.
Bost urterekin ekin zenion zuk gimnastika erritmikoari. Dezente aldatu zara harrezkero. Zertan aldatu da Oskarbi?
Andoainen hasi nintzen ni, ez baitzegoen talderik Urnietan. Ziklo olinpikoek eragina dute araudian, hau da, asko aldatzen da ariketa bera, lege horien arabera. Dena dela, oinarriak berak antzeko jarraitzen du.
Uda-sasoia ailegatzearekin batera iristen al da zuretzat atseden hartzeko unea?
Orain, betiko martxarekin gabiltza entrenatzen. Abuztuan, atseden hartuko dugu. Oskarbin umeen kasuan, ikasturteka egiten dute, eskola-agendarekin bat.
Datorren denboraldiari begira zaudete honezkero. Zein erronka dituzue aurretik?
Oskarbin beste adin batzuetako talde gehiago lehia daitezen nahi dugu eta horretan ahaleginduko gara. Belabietan, Espainiako txapelketari begira gaude: azaroan daukagu eta ondo prestatzeko lanean izango gara.
"Belabietan, Espainiako txapelketari begira gaude: azaroan daukagu eta ondo prestatzeko lanean izango gara"