Komiki-liburura eraman dute Irulegi-Garmendia sendiaren tragedia

Xabier Lasa 2025ko uzt. 14a, 08:23

Koldo Astrain, komikia eskuetan duela, Intza taberna-jatetxearen aurrean, Esterlines kalean.

Paulina Garmendia urnietarrak eta Juan Antonio Irulegi andoaindarrak Donostian Intza taberna ireki zuten, 1933an. Familiak handik gutxira bizi izan zuen tragedia latza jartzen du agerian berriki argitaratu duten komiki batek.

Egun, familiaren ondorengoek, Koldo Astrain eta Asier Astrain aita-semeek  kudeatzen dute Intza taberna, eta Dani Fano komikilari donostiarrarekin elkarlanean, "Intza... ez da munduan beste bat" izenburuko komiki ikusgarria kaleratu dute berriki.

Ilustrazio dotoreen eskutik, familia baten historia tragikoa kontatzen du argitalpenak: bikote gazte bati taberna-negozioa irekitzeak eragiten dien ilusioa, estatu-kolpe militarra, kolpe zaleen Donostia hiriaren hartze militarra, Irulegiren atxiloketa eta desagerraraztea, Garmendia alargunak 40 urtetako diktadurapean jasaten duen etengabeko jazarpen mingarria...

Diktadurak beldurrez ezarritako isiltasunaren eta ondorengo demokraziak dekretuz ezarritako krimenekiko inpunitatearen ostean, azken urtetan zorionez zabaldu den gizarte-mugimendu kritikoaren barnean, ugariak dira kaleratu diren liburuak, dokumentalak, filmak... biktimen egia kontatzera eta horientzat justizia eta aitormena eskatzera animatu direnak. Nolanahi ere, urriak dira bide hori jorratu duten komikiak.

Bada, modu grafikoan betetzera dator hutsune hori "Intza... ez da munduan beste bat" komikia. Gertakizunen errealismo krudela eta komikigintzaren magia bikain uztartzen dituen argitalpena da, eta, eta hamabi orrialde besterik ez ditu behar garai historiko bat kontatzeko eta bertan milaka herritarrek jasan zuten injustizia kontatzeko; eta hori dena, familia baten gorabeherekin pertsonalizatuta.

Paulina eta Juan Antonio bikotea

Paulina Garmendia Mujika Urnietan, Beltranenea baserrian (Ergoien auzoa) jaio zen, 1904an. Canuta ahizpa eta biak, Garmendia Mujika abizenekoak ziren. Beren ama hil ondoren, aita alarguna, bigarren aldiz ezkondu zen, Juana Aranbururekin, eta horiek beste sei seme-alaba eduki zituzten: Migel, Juan Angel, Patxi, Martxiel, Dolox eta Alberta.    

Juan Antonio Irulegi Ulanga Andoainen, Aranaztegi baserrian (Leizotz auzoa) jaio zen, 1903an. Primo, Patrizia, Fortunato, Gaspar, Joxe Kruz, Joxepa, Patxi, Hilaria eta Karmen izan ziren bere anai-arrebak.

Paulinak eta Juan Antoniok Intza taberna-jatetxea 1933an, San Sebastian egunaren bezperan ireki zuten, Alde Zaharreko Esterlines kalean.

Sukaldearen ardura plater goxoak prestatzeko esku-bikaina zeukan Garmendiaren bizkar geratu zen bitartean, Irulegik bezeroekin zuzeneko hartu-emanari heldu zion.

Egundoko ospea hartu zuen Intzak oso denbora gutxian, izan ere, Donostiako euskalgintzako eta euskal kulturgintzako topaleku bilakatu baitzen Intza. Irulegiren ideologia jeltzale eta euskaltzaleak ere markatu zuen bezero-mota pittin bat.

Urte horietan, bi haur izan zituzten, Jesus Mari (1931) eta Miren Itziar (1935).

1936ko uztaileko estatu-kolpe zaleek Donostia irailaren 13an okupatu zuten indarrez, eta hurrengo aste eta hilabeteetan ia 400 herritar erail eta desagerrarazi zituzten. Horietako bat izan zen Irulegi. Geroztik, ez da jakin ahal izan nora eraman zuten hiltzera, ezta non lurperatu zuten ere.

Handik hiru urte eskasera, 1939an, Jesus Mari semea hil egin zen. Andoaingo Oroituz elkarteak 2006an argitaratu zuen liburuan (“Ahozko historia: oroimenean lokartutako historia”) Miren Itziarrek anaiaren heriotza goiztiarraren zergatia argitu zuen: “(…) Gizajoa 9 urtez hil zen, pena sakon batek jota; bihotza zuen ahula, eta aitarena ezin izan zuen gainditu”.

Urte batzuen buruan, Garmendia berriro ezkondu zen, Ignacio Solanarekin, eta ume bat eduki zuten, Koro. Alaba gaztetatik hasi zen Intzan lanean, amari laguntzen, eta bera izan zen familia-negozioari eutsi ziona. Luis Astrainekin ezkondu zen, eta Koldo semea eduki zuten. Egun, hirugarren eta laugarren belaunaldikoak diren Koldoren eta bere seme Asierren esku dago Intzaren eguneroko martxa.

Jazarpenak etenik ez

Atsekabeak jota zegoen Garmendiari baldintza iraingarria ezarri zioten frankistek: Intza taberna berriro ireki nahi bazuen, “Intza” kendu eta “España” jarri beharko zion sarrerako errotuluari. Hori gutxi ez eta, familiarena zen taberna gaineko lau solairuetan Circulo Carlista ezarri zuten. Hamarkadetan, familiak ordaindu behar izan zituen haien gastu guztiak (ura, argia, Udal-zergak…).

Komikiak ilustratzen dituen pasadizo mingarri gehiago kontatu dizkigu Koldo Astrainek. “Etxean isun mordoa daukagu gordeta Donostiako udalak amonari jarri zizkionak 1953an, jangelako mahai-zapiak terrazan zabaltzen zituelako”.

Bestalde, aipatzekoa da ere bada, urte haietan, Garmendiaren bigarren senarra, Ignacio Solana, Martutenen kartzelaldia maiz sufritu zuenetakoa izan zela. “Franco Donostiara uda pasatzera etortzen zen bakoitzean antifrankistekin egiten zuten sarekadan harrapatzen zuten gure aitona. Bezperan tabernan kontsumitzera etorri ziren poliziek berberek atxilotzen zuten biharamunean”.

Gipuzkoako herri askotako herritarrek ez zuten galdu Intzara hurbiltzeko ohitura, estropadetan, Aste Nagusian, San Sebastian egunean... Guztiek ere, Intza bezala ezagutzen jarraitu zuten taberna

Koldo Astrainek aitortzen du “España” izena derrigor eraman beharrak asko markatu zuela Intza tabernaren joana urte gogor haietan: “Izenak atzera botata, batzuk ez ziren sartzen tabernara. Baina, aldi berean, Alde Zaharrean baziren betiko auzotarrak, Intzan Errepublika garaian sortu izan zen euskal giroa gogoan zutenak eta jakitun zirenak familiak ondoren bizi izandako zorigaitzarekin, eta horiek bezero izaten segi zuten". Antzeko jokatu zuten Gipuzkoako herri askotako herritarrek ez zuten galdu Intzara hurbiltzeko ohitura, estropadetan, Aste Nagusian, San Sebastian egunean... Guztiek ere, Intza bezala ezagutzen jarraitu zuten taberna, eta, beren etxeetan, hurrengo belaunaldiei, bertaratzeko joerari eutsi zioten. "Alde Zaharrean, nortasun propioa duen topagune erreferentziala izaten segitzen du batzuentzat oraindik; geratzen den bakanetakoa da, frankiziak-eta dena beren esku hartzen ari diren garaietan”.

Ezkerretik hasita, Angel (1), Imanol (2) eta Paulo (4) Garmendia anaiak, Luis Astrainekin (3), Intza tabernako mostradorean.

Txanponaren beste alde ilunagoa, ere ez du ahaztu nahi izan Astrainek. “Frankismoko urteetan, bezeroen artean, asko ziren poliziak eta erregimeneko kideak, 'España' etiketa horrek erakarrita”.

Franco hil eta laster, Koldoren aita Luisek taberna-sarreran zintzilikatuta zegoen “España” kartela harrikada batez nola txikitzen duen jasotzen da komikian, besteak beste. “Ez da asmazioa pasadizo hori, ondo islatzen du nolako amorruz erreakzionatu zuen aitak, egoera politikoak utzi ahal izan zionean”.

Aldi berean, Koldoren gurasoek izena berriro aldatzeko tramiteari ekin zioten. Garmendiak, ordurako, sukalde-lanak utzita zeuzkan; depresio batean murgilduta bizi zen, eta ez zuen ondo hartu erabaki hori. Nonbait, iraganeko heriotzek, isunek, mehatxuek... Guztiz iltzatuta zeuzkan oroimenean, eta barruak mugitu zitzaizkion.

Komikia, familia-historiaren argigarri

Intzan beti-beti bezero izan diren familia horietako kide da Dani Fano komikilaria, eta bere ideia izan zen komikia gauzatzea. Astrainek dioenez, oso eskertuta dago familia Fanorekin: "Lehenbizi, Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkarian argitaratu zuen komikia. Ilustrazio dotoreak eta argigarriak egin zituen, eta orduan, komikia aparteko argitalpen batean argitaratzea proposatu genion. Izan ere, iruditzen zitzaigun familiaren historia modu ikusgarri batean ezagutzera emateaz batera, lagundu zezakeela oraindik ere zenbaiten oroimenean bizirik segitzen duen 'España'-ren estigma hori uxatzen. Oniritzia eman zigun Fanok, eta geroztik oso gustura gaude emaitzarekin”.

"Jende ugari etorri zaigu komiki ale baten bila tabernara, eta horietako batzuk aitortu digute oraintxe jakin dutela benetako eta inposatutako izenen jatorriaz”.

Isiltasuna nagusi, urtetan

Begoña eta Maddi Garmendia, Beltraneneko ahizpak

Paulinaren bi alaba, Miren Itziar Irulegi Garmendia zena eta Koro Solana Garmendia, izan dira informazio-iturri bakanak familiaren iraganeko gorabeheren berri jakin nahi izatera. Amaren ezpainetatik apenas entzun ahal izan zuten kontakizunik bere gertukoek, tabutzat baitzeuzkan sufrimenduarekin lotutako gertakizunak. Nolanahi ere, Miren Itziarrek lehen aipatutako Andoaingo Oroituz elkartearen liburuan adierazi zuenez, gogor egin zion ahaztura horri: “Nik kontzientzia izan dudanetik jakin nahi izan dut nor izan zen aita, zer gertatu zen aitarekin. Dakizkidan xehetasun murritzak amak kontatuak dira, aldartea egokia ikusten nuenean esanarazten nizkionak, bai bainekien ez zizkidala aitortu nahi izaten. Ni entzuteko gose izaten bainintzen. Ondo dakit garai haietan arriskutsua zela lurperatutako historiaz jakin nahi izatea; arazotan sartzeko biderik errazena zelako! Amari gorputzean sartu zioten izu espantagarriak, zera esanarazten zion: 'Zaude isilik, bizilagunek ere salatuko zaituzte-eta'. Amaren instintuak hitz egiten zuen bere ahotan…”.

Beltraneneko garmendiatarren babesa

Paulina Garmendiaren bi ilobekin, Beltranenea baserriko Begoña eta Maddirekin egon gara, Intzako izeba ezagutzeko parada eduki baitzuten.

Biek berretsi dute Martxiel beren aitaren edo osaba-izeben ahotatik oso gutxi jakin izan dutela familiaren gorabeherez. Begoñaren hitzetan, “etxean ez ziren aipatzen kontu haiek, gerrarekin-eta zerikusia zeukatenak. Genekien gauza bakarra zen Paulinaren senarra fusilatu egin zutela, besterik ez. Izatekotan, ere aitari entzun izan genion behin edo behin, zein tristea izan zen 36ko gerra anaien artean; izan ere, bere bi anai, Patxi ELAkoa zena eta Migel sozialista, biak Euskal Ejertzitoarekin joan ziren, eta bien bitartean, bera frankistek indarrez erreklutatu egin zuten. Gauzak horrela, anaiak elkarri tiroka aritu behar ote zuten, ezjakintasun horrekin ibili omen ziren”.

Intza kasik bigarren etxetzat jo izan zuten, haurtzaroan eta gaztaroan, batik bat, Maddik gogorarazi duenez. “Aitak Intzara, bere arrebaren tabernara, umetatik eraman gintuen, udan batez ere. Beharbada, ni izan nintzen ordu gehiena igaro zituena tabernan laguntzaile bezala. 12 urtetik 15 urte bitarte, garbiketan, zerbitzatzen... aritu nintzen, lan eta lan besterik egiten ez zuen Paulina izebaren ondoan. Argazkian ageri diren Angel, Imanol eta Paulo anaiak ere tarteka joaten ziren laguntzera, baina egun seinalatuetan bakarrik. Paulina izeba, beti sukaldean, lan eta lan, bestetan ez genuen ikusten”.

Bi ahizpak geroztik joan dira lotzen familia-historiaren hari solteak, eta eginkizun horretan, lagungarri egin zaie komikian agertzen diren zenbait datu, gezurra badirudi ere.

“Gaztea nintzela ez nuen ulertzen oporrak izanik zergatik joan bera izaten nuen hara, lanera. Haserretu egiten nintzen aitarekin; normala errebelatzea, adin hori edukita! Jenio bizikoa zen izeba, eta harekin ere sestrak eduki ohi nituen. Geroztik ulertu izan ditugu orduan bizitutakoak. Alegia, Garmendia familiak Paulinari babesa eskaintzeko modua izaten zela gu hara laguntzera bidaltzea, eta ulergarria ere bazela Paulina berak halako izaera gogorra edukitzea, sufritu behar izan zituenak kontuan hartuz gero”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!