"Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitale publiko berri bat eraikiko du laster Tolosan. Besteak beste, 74 ohe eta 3 ebakuntza-gela izango ditu, eta erreferente izango da Gipuzkoa osorako prozedura diagnostikoetan eta proba osagarrietan. Etorkizuneko ospitalea bost urteko epean martxan jartzea aurreikusten da, eta Iurramendiko egungo aparkalekuan kokatuko da, suhiltzaileen parkearen ondoan. Prozesua hasteko, Tolosako Udalak osoko bilkurara eraman behar du Hiri Antolamenduko Planaren Aldaketa Puntuala, eta lurrak Osakidetzaren esku jarri behar ditu lizitazioekin hasi ahal izateko”. Horixe izan zen Eusko Jaurlaritzak, bistaldia amaituta, agitara eman zuen oharrarren hasiera. Sailburuaz gain, Lakuatik Tolosara hurbildu ziren Maite Martinez de Albéniz Zabaleta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria eta Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendaria (Iragarpena, bere osotasunean, Eusko Jaurlaritzaren webgunean aurki daiteke).
TOPAren erreakzioa
Tolosaldea Osasun Publikoaren aldeko plataformak agerraldia egin zuen, egun gutxira, bisitaldiak eman zuena baloratu asmoz. Bideoan jaso zuen erreakzioa 28 Kanala Tolosaldeko tokiko telebistak.
Alderdi politiko nagusien arteko xextra
EH Bilduk Tolosaldeko ospitale berriaren informazioa alkateei helarazi gabe komunikatzea salatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzan galderak erregistratu dituela erantsi zuen (ohar osoa, klik bakarrera): "Ikuspegi integrala duen konponbidea behar dugu Tolosalderako. Osasun arreta ezin da inprobisazioz kudeatu. Tolosaldeak planifikazio sendoa, proiektu argia eta herritarren beharrei egokitutako planteamendu serioa behar ditu".
EAJ-PNVrentzat ulertezina izan zen EH Bilduren agerraldi hori eta komunikatua argitara eman zuen (ohar osoa, klik bakarrera): "EH Bilduri ez zaizkio konponbideak interesatzen, nahiago duela arazoetan kokatu, alderdikeriaz ustiatzeko. Tolosaldeko osasun-arretari dagokionez, aspalditik ari gara lanean gizartearen eskaerari irtenbide positiboa eta eraikitzailea emateko".