Eñaut Urkaregik urrea eskuratu du munduko pista txapelketan

Aiurri 2025ko abu. 25a, 11:08

Erik Igual eta Eñaut Urkaregi, lehia bizian (Argazkia: Espainiako Ziklismoko Federazioa)

Eñaut Urkaregi larrauldarrak urrezko domina lortu du Erik Igual valentziarrarekin bikotea osatuta, egunotan jokatu diren junior mailako munduko pista txapelketan. Bakarkako jazarpeneko modalitatean, berriz, zilarrezko domina irabazi du. Bestalde, Izaro Etxarri adunarra bosgarren geratu da Madison proban, Leyre Almena valentziarrarekin bikotea osatuta.

Eñaut Urkaregik eta Izaro Etxarrik Espainiako selekzioarekin aritu dira, Apeldoorn herriko belodromoan (Herbehereak) jokatu den munduko pista txapelketan.

Madison modalitatean irabazi du urrezkoa Urkaregik; pistan, binaka lehiatu behar da, eta tarteka sprintak egin behar izaten dira.

Urkaregi eta Igual, podiumean, pozik (Argazkia: Espainiako Ziklismo Federazioa)

 

Bestalde, Urkaregi, bakarkako jazarpenean ere finalera iritsi zen, eta Alessio Magagnotti italiarra izan zuen aurkari, urrezkoaren bila. Azkenean italiarra nagusitu zitzaion, oso gutxigatik.

Era horretan, zilarrezkoa eskuratzeaz gain, artean Espainiako erregistrorik onena zena apurtu, eta 3:10.040ean utzi zuen.

 

Izaro Etxarri bosgarren, Madisonen

Izaro Etxarri adunarra bikain aritu da Herbeheretan jokatu den munduko pista txapelketan, eta Leyre Almena valentziarrarekin batera bosgarrengo postua lortu du Madison modalitatean.

Izaro Etxarri eta Leyre Almena Apeldoorn herriko belodromoan, egunotan (Argazkia: Espainiako Ziklismo Federazioa)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!