Felipe Gorriti (1839-1896), Israel Lopez Estelche (1983-), Jesus Guridi (1886-1961), Luis Arteaga (1882-1960) eta Pablo Sorozabal (1897-1960) euskal sortzaileekin osatu dute emanaldia andoaindarrak eta donostiarrak, hain zuzen ere.
Miren Urbieta-Vega abeslariak euskaraz, gaztelaniaz eta latinez abesten ditu sortzaile horien abestiak.
Honako kantutegiek osatzen dute emanaldia:
Felipe Gorriti:
Cinco versos para el magnificat
1. Allegro brillante
2. Allegro moderato Sub Tuum Praedsidium
3. Andante
4. Allegretto
5. Allegro
O Salutarius
Israel Lopez Estelche:
Cantos del alma desnuda
Jesus Guridi:
Aritz adarrean
Ala baita
Goizeko eguzki argiak
Luis Urteaga:
Fantasia religiosa
Pablo Sorozabal:
Otz eta itxilsu
Gure basetxe
Euskalerria
Ana Belen Garcia buru-belarri Organo Zikloaren antolaketan
Aurtengo 86. Musika Hamabostaldiko programazioa abuztuaren 1etik abuztuaren 29 bitarte luzatuko den arren, Organo Zikloko emanaldiak abuztuaren 1etik 13 bitarteko ibilbidea egin du.
Gogoratu behar da Ana Belen Garcia bera izan dela Organo Zikloaren antolaketan koordinatzaile lanetan jardun duena.
Nazioarteko organo jaialditzat hartu da zikloa, izan ere, sona handiko 13 organo-jole gonbidatu baitira. Garciaren hitzetan, “soinu esperientzia eta esperientzia bisual ahaztezina”k eskaintzeko programatu dira beren emanaldiak Donostia, Azpeitia, Tolosa, Bergara, Azkoitia zein Usurbilgo elizetan. Jose Luis Echechipia, Juan de la Rubia, Michel Bouvard, Laszlo Fassang, Shin-Young Lee, Waiyne Marshall, Thierry Escaih, Matthieu de Miguel, Aitor Olea, Gerardo Rifon, Paolo Oreni, Martin Baker, eta Ana Belen Garcia bera izan dira hamairu organo-jole horiek.
Nazioarteko Organo Zikloak, kultur sormeneko beste diziplina batzuekin elkarlanean jarduteko aukera eman die organo-jole horiei; abesbatzen munduarekin, euskal instrumentu tradizionalekin, bertsolaritzarekin eta dantzarekin, hain zuzen ere.
Era horretan, organo-jole horiekin batera osatu dituzte emanaldiak Gure Kai eta Verdini dantza taldeek, Jon Maia eta Oihana Iguaran bertsolariek, Donostiako Orfeoiak, Kea Vocal Ensemble abesbatzak, Bergarako Parrokia Abesbatzak, Louna Carbonell bilon-joleak, Oreka TX txalaparta taldeak, Miren Urbieta-Vega sopranoak, eta, Txalkor Txistulari Taldeak.
Guztiek ere eman dituzten hamalau kontzertu bikainek, “Instrumentuen Errege deituriko organoaren handitasunak sormen garaikidearekin, euskal tradizioaren eta kulturaren aberastasunarekin eta inprobisaziorako grinarekin topo egiten duen unibertso batean” murgiltzera gonbidatu dituzte entzuleak, Ana Belen Garciak adierazi duenez.