'Ombuaren itzala' filma Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariari buruzkoa da; XIX. mendeko eta XX. mendeko lehen hamarkadako euskal letren erreferente kulturaletako bat. Film luzea auzolan baten bidez ekoitzi da. Horrela, proiektuak oinarri herrikoi zabala izan du eta bere ekoizpenean 100 udal, kultur elkarte, ikastola, institutu, eskola publiko, Nafarroako eta Euskal Herriko tokiko komunikabide baino gehiagok parte hartu dute.
Argentina, Nafarroa eta Gipuzkoako hainbat eszenatoki naturaletan filmatuta, Joseba Usabiaga eta Sara Cozar dira filmeko protagonistak. Haiekin batera, Ramon Agirre, Maia O 'Brien, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Hodei Arrastoa, Asier Sota eta Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran bertsolariak.
'Ombuaren itzala' Argentinara joango da azaroan, joan den azaroaren 30ean Zizurkilen estreinatu ondoren, Pello Mari Otaño protagonistaren eta Patxi Bisquert zuzendariaren jaioterrian, Nafarroako eta Euskal Herriko berrogeita hamar herri baino gehiagotan, eta Donostia Zinemaldian.
Patxi Bisquertek idatzi, zuzendu eta ekoitzitako 'OMBUAREN ITZALA' k Joseba Salegi du Zuzendaritza eta Muntaia laguntzaile. Javier Bilbao da Argazki zuzendaria, eta Beñat Manterola Arte zuzendaria. Leire Orella arduratzen da jantziez. Eva Alfonso makillajeaz eta ile-apainketaz arduratzen da. Koldo Uriartek jatorrizko soinu-banda sinatu du. Pablo Abalos eta Txepe Lara dira, hurrenez hurren, Argentinako eta Euskal Herriko ekoizpen zuzendariak.
Patxi Bisquert zuzendari eta ekoizleak azaldu duenez, "Pello Mari Otaño bere garaiko euskal egilerik garrantzitsuenetako bat izan zen. Bere historia Ameriketarako emigrazio politiko eta ekonomikoarena ere bada. Otañok hitzak jarri zizkien gazte garaituen nostalgiari eta sentimenduei".
Gainera, iaz 'Tasio' filmarekin egin zuen bezala, Donostiako Zinemaldiak Klasikoak sailaren barruan Alfonso Ungríaren 'Ehun metro' film zaharberritua programatuko du. 1985eko metraje ertaina euskarazko zinema sustatzeko Eusko Jaurlaritzak finantzatutako lehen proiektuetako bat da, 'Hamaseigarrenean aidanez', 'Zergatik panpox' eta 'Oraingoz izen gabe' proiektuekin batera. Jose Luis Rebordinosek "ekimen aitzindari haren lana ohoratu eta lau izenburu hauek Klasikoak sailean programatu" nahi izan ditu.