Zabalik dago eskualdeko euskaltegietan izena emateko epea

Aiurri 2025ko ira. 3a, 15:37

Aitzol Udal euskaltegiak eta Tolosaldeko AEK-k 2025/2026 ikasturtean eskualdean eskainiko diren euskara ikastaroak aurkeztu dituzte gaur Zizurkilen. Aiztondori dagokionez, Amasa-Villabonan, Asteasun eta Zizurkilen izango da ikastaro eskaintza. Irailaren 17ra arte zabalik egongo da izen-ematea.

Tolosaldean, eskualdeko hamar herritan izango da euskara ikasteko aukera: Alegian, Anoetan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen. 

Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendari den Josebe Izagirrek garrantzia eman dio etxetik gertu euskara ikasteko aukera izateri. “Tolosaldeko herritarrek euren beharretara ondoen  egokitzen den ikastaroa topatuko dute eskualdean. Ikasturte honetan ere, eskualdeko hainbat herritan izango da euskara ikasteko aukera, euskara gertu izango dute herritarrek, eta, nola ez, saiatuko gara euskara ikastea esperientzia aberasgarria eta baliagarria izan dadin ikasle ororentzat”.

Tolosaldeko AEKko kide Olatz Peñagarikanok aipatu duenez, “Euskara ikasteak baliagarri izan behar du Tolosaldean bizitzeko, balio behar du bertan ikasi edota lan egiteko, baita aisialdian jolasteko ere. Euskarak izan behar du harrera hizkuntza Tolosaldeko herrietan eta, halaber, herritarron solasaldietan lehen hizkuntza. Izan ere, euskaraz dakigunok ere ardura handia dugu normalizazio prozesuan, eta beraz, etorri berriak euskara ikasten duen eran, euskal hiztunok ere egunerokoan erabili behar dugu hizkuntza, euskara bizi eta osasuntsua izan dezagun”. Herritar ugari euskaldundu da Tolosaldeko euskaltegietan, baina oraindik pausu hori eman ez dutenak ere badirela ere aipatu du Josebek. “Gaurko agerraldia aprobetxatu nahiko genuke, bereziki, herritar horiei dei egiteko eta euskara ikastera animatzeko”.

Ikastaro eskaintza

Izen ematea, Irailaren 17ra arte egongo da irekita. Euskara ikasi edota hobetu nahi duzuen guztiok “APUNTATÚ!”: horixe da Tolosaldeko Alfabetatze eta Euskalduntze Mahaiko kideek aukeratu duten leloa.

16 urtetik gorako edonork eman lezake izena AEKn eta Aitzolen: kanpotik etorritakoek, euskaraz alfabetatu gabeek, jubilatu berriek, euskara hobetu nahi duten herritarrek, merkataritzako langileek, ostalaritzan dabiltzanek eta zenbait kolektibotakoek: Asuntzion klinikako langileek, Osakidetzakoek, epaitegikoek, udal langileek…

Dirulaguntzak jasotzeko aukera ere izango dute ikasleek:  Tolosaldeko udalek esfortzu handia egiten dute aipatutako ikastaroak diruz laguntzeko, beti ere udalek edota Jaurlaritzak jarritako baldintzak betez gero. Kasu batzuetan euskara ikastaroak %100ean finantzatzen dituzte erakundeek. Herri bakoitzeko udalaren edota gainerako erakundeen laguntzen berri izateko, udaletxean edo euskaltegietan galdetzea gomendatzen da. Honetaz gain, agiri ofizial guztiek dute HABEk emandako dirulaguntza.

 
AITZOL UDAL EUSKALTEGIA

Tolosako Aitzol Udal Euskaltegian matrikulaldia irailaren 17ra bitartean izango da, goizez 09:00-13:00 eta arratsaldez 16:00-19:30. Informazio gehiago nahi izanez gero: Internetez aitzolue@tolosa.eus helbidean eta telefonoz 943 65 10 06 zenbakian.

TOLOSALDEKO AEK

2025-2026 ikasturtean Tolosaldeko hainbat herritan eskainiko ditu AEKk euskara ikastaroak, besteak beste, Zizurkil, Villabonan eta Asteasun, Anoeta eta Iruran, Ikaztegietan eta Alegian, Ibarran eta Lizartzan. Ikastaro horietan izena emateko aukera dago irailaren 17ra arte, euskaltegiko telefono zenbakira deituz (943 59 17 04), edota andoain@aek.eus helbidera idatziz.

TOLOSALDEKO ESKAINTZA PRESENTZIALA: 

HASTAPEN-MAILA: Ez daki ezer esaten euskaraz edo hitz gutxi batzuk bakarrik, eta ez du izan inolako harremanik euskararekin edo harreman mugatua bakarrik izan du.

ALEGIA: al.-az. | 18:00-20:30.

ANOETA: al.-az. | 15:00-17:00.

IBARRA: ar.-og. | 14:30-16:30.

IKAZTEGIETA: ar.-og. | 09:00-11:30.

LIZARTZA: ar.-og. | 09:30-11:30.

TOLOSA: al.-ar.-az.-og. | 09:30-11:30.

TOLOSA: al.-ar.-og. | 15:30-17:30.

VILLABONA: ar.-og. | 09:30-12:00.

VILLABONA-ZIZURKIL: az. | 09:30-11:30. (merkatariak)

 

OINARRIZKO MAILA: Gai da euskarazko eguneroko esamoldeak eta maiz erabiltzen diren esaldi errazak ulertu edota erabiltzeko.

ALEGIA: ar.-og. | 18:00-20:30. (A1-A2)

ANOETA: al.-az. | 09:30-12:00. (A2)

ASTEASU: al.-az. | 18:00-20:30. (A1-A2)

IRURA: ar.-og. | 16:00-18:30. (A2)

TOLOSA: al.-ar.-og. | 09:30-11:30. (A1)

TOLOSA: al.-ar.-og. | 15:30-17:30. (A1)

TOLOSA: al.-ar.-og. | 18:00-20:00. (A1)

TOLOSA: al.-az.-og. | 09:30-11:30. (A2)

TOLOSA: al.-ar.-og. | 15:30-17:30. (A2)

ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 15:00-17:00. (A2)

 

ERDI-MAILA: Euskaraz komunikatzeko gai da eta testuen puntu nagusiak ulertzen ditu.

IBARRA: ar.-og. | 18:00-20:30. (B1)

IRURA: ar.-og. | 16:00-18:30. (B1)

TOLOSA: al.-ar.-az. | 09:00-11:00. (B1 oinarrizkoa)

TOLOSA: al.-az.-og. | 09:00-11:00. (B1 aurreratua)

TOLOSA: al.-ar.-og. | 16:00-18:00. (B1 oinarrizkoa)

TOLOSA: al.-ar.-az. | 16:00-18:00. (B1 aurreratua)

TOLOSA: ar.-og. | 09:00-11:00. (B2)

TOLOSA: ar.-og. | 15:30-17:30. (B2)

TOLOSA: al. | 09:30-12:30. (Mintza-taldea jubilatuentzat)

VILLABONA: al.-ar.-og. | 09:30-12:00. (B2)

ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 09:30-12:00. (B1 eta B2)

ZIZURKIL: al.-ar.-og. | 15:00-17:00. (B1 eta B2)

 

GOI-MAILA: Badaki modu erraz eta naturalean hitz egiten, eta euskara malgua eta eraginkorra erabil dezake helburu akademiko, sozial eta profesionaletarako.

TOLOSA: astelehenak eta asteazkenak, 09:00-11:00. (C1)

TOLOSA: astelehenak eta asteazkenak, 15:30-17:30. (C1)

TOLOSA: astelehenak eta asteazkenak, 18:10-20:10. (C1, 16-18 urte)

TOLOSA: astelehenak eta asteazkenak, 16:00-18:00. (C2)

TOLOSA: astearteak eta ostegunak, 16:00-18:00. (C2)

TOLOSA: astelehenak eta asteazkenak, 18:00-20:00. (C2)

TOLOSA: astearteak eta ostegunak, 18:00-20:00. (C2)

VILLABONA: astelehenak, astearteak eta ostegunak; 09:30-12:00. (C1)

 

AUTOIKASKUNTZA

AEK: A1 mailatik C1era.

Aitzol Udal euskaltegia: A1 mailatik C2ra.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!