2026ko abenduaren 20an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala

Aiurri 2025ko ira. 4a, 09:03

2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Iturria: Bertsozale elkartea, Gari Garaialde

Bertsozale elkarteak eman du albistea: datorren urteko abenduaren 20an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala. Iaz bezala, Nafarroa Arenan ospatuko da hitzordua eta edizio berrian bertsolari gehiago izango dira oholtzan, 36 lehiakide izatetik 42 izatera igaroko baitira, Arabatik, Nafarroatik eta Xilabatik bina bertsolari gehiago sailkatuta. Modu horretan, zazpi saio izango 2026ko irailean hasiko den lehen faseak sei saio izan beharrean. Dena dela, udazken honetatik hasita, zer gozatua ere edukiko dute bertsozaleek, lau herrialdeetako txapelketak izango dira eta: Bizkaia, Nafarroa, Xilaba eta Araba. Guztiak izango dira puntuagarriak Txapelketa Nagusirako.

Hilaren amaieran ekingo zaio Bizkaiko Txapelketari, hain zuzen, irailaren 28an emango diote hasiera Urdulizen  lehen faseko lehen saioari. Bada, astebetera, urriaren 4an, bide berari eutsiko dio Nafarroako Txapelketak, urriaren 4an, Auritzen izango den lehen saioarekin. Hala, eskutik helduta egingo dute urte amaierarako bidea biek ala biek: Nafarroako Txapelketako finala azaroaren 29an izango da, lehendabizikoz, Nafarroa Arenan. "Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki da", azaldu du antolakuntzak, "horren isla da urtez urte txapelketa eskaintzen ari den kalitatea, eta geroz eta ikusle gehiagok jarraitzea". Bizkaiko Txapelketaren kasuan ere tokiz aldatzea erabaki dute, Bilbao Arenatik La Casillara egingo du jauzi finalak eta aurtengo abenduaren 20an jokatuko da. 

Hori horrela, Xilaba izango da hurrengoa txapelketaren lekukoa hartzen, Aiherran lur hartuko baitu lehen faseak abenduaren 6an . 2026aren hasieran izango da finala, urtarrilaren 31n, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan. 

Azkenik, Arabak otsailean hasiko du txapelketa, lehen larunbatarekin, eta martxoaren 28an izango da finala, Gasteizko Europa Jauregian.  

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!